Lekeitioko 33 entitatek Euskaraldian Arigune izateko deia egin dute
Talde argazkia atera dute gaurko egunera arte izena emanda daukatenek.
Euskaraldian Arigune rolean izena emateko gonbidapena egin dute Lekeitioko 33 entitatek, tartean, kultur eta kirol taldeak, ikastetxeak eta dendak. Guztiak bariku arratsaldean batu ziren talde argazkia ateratzeko, helburu bategaz: ariketari oihartzuna eman eta gainerako entitateak parte hartzera animatzea.
Aurretik, herri batzordea batu zen, esperientziak elkarbanatzeko. Taldekideek adierazi zuten orohar harrera ona egon dela, eta entitateek “gogotsu” hartu dutela aurtengo Euskaraldiaren erronka.
Udazkenera begirako lanak komentatzean, irailean herriko entitateentzat saio bat antolatzea pentsatu zuten, Euskaraldiaren inguruko argibideak eman eta parte hartzera deitzeko. Horrekin batera, iragarki baten bidez, Euskaraldia bultzatu eta norbanakoak zein entitateak ekimenera batu nahi dituzte.
Abuztuan, Lekeitioko Euskaraldiko Herri Batzordeak jarduera etengo du, eta irailean ekingo diote berriro lanari.