Angel Etxaniz gogoratuko dute Ondarroan, haren hilketaren 40. urteurrenean
Omenaldia Klub 34 dantzalekuaren aurrean egingo diote zapatuan, 20:30ean hasita. Antolatzaileek segurtasun protokolo guztiak beteko direla aurreratu dute.
Domekan [abuztuak 30] Angel Etxaniz Olabarria ondarrutarraren hilketaren 40. urteurrena beteko da, eta Ondarroako Ezker Abertzaleak deituta, omenaldi xume zein berezia egingo diote zapatuan [abuztuak 29] Ondarroan. Ekitaldia Klub 34 dantzalekuaren aurrean egingo dute, 20:30ean hasita. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, ekitaldian segurtasun distantzia mantendu eta maskara soinean eraman beharko da.
Omenaldiari dagokionez, Etxaniz erahil zuten toki beraren aurrean egingo dute. Ondarrutarra Batallon Vasco Español talde ultraeskuindarreko kideen biktimetako bat da, eta haren heriotza argitu barik dago. Etxaniz hiltzeaz gain, haregaz batera beharrean ari ziren beste bi lagun ere zauritu zituzten 1980ko abuztuaren 30eko goizaldean: Francisca Urresti (dantzalekuko behargina) eta Noelia Olabarria (Etxanizen lehengusina).
Etxaniz militante abertzale eta ezkertiarra izan zen. Frankismo garai bete-betean Amnistiaren Aldeko Batzordeetan aritu zen, baita KASen eta Herri Batasunan ostean. Arrazoi horregatik hainbat aldiz atxilotu zuten, eta torturak ere salatu zituen. Martutenen eta Zaragozan ere espetxeratu zuten 1976an, ETAri laguntza eman eta armak edukitzea leporatuta. Oso ezaguna zen herrian. Herrigintzan ere luze ibili zen eta Aurrera Kirol Elkarteko zuzendariordea ere izan zen.