"Euskaraz hitz egingo duen" Jaurlaritza bat eskatu dute 350 kazetarik baino gehiagok
"Berdintasun defizit bat zuzentzeko helburuarekin" sailburu eta arduradun euskaldunak izendatzeko eskaera egin diote "datorren Eusko Jaurlaritza osatu behar duen arduradun nagusiari".
355 kazetari euskaldunek eskaera argia egin diote Eusko Jaurlaritzari: euskaraz lan egin eta informatu ahal izan dezaten, Jaurlaritzako hurrengo arduradunak euskaldunak izan daitezela. Gaitasunean eta kalitatean ere jarri dute arreta: «Ez dira aski euskarazko adierazpen irakurriak edota ardura gutxiagoko ordezkarien euskarazko bozeramailetza behartuak». Nabarmendu dute arduradunen «betebeharra» dela informazioa eta zehaztasunak euskaraz ematea, baita kazetarien galderei euskaraz erantzutea ere.
Euskal Herri osoko komunikabideetako kazetari euskaldunek izenpetu dute Euskaraz hitz egingo duen Jaurlaritzaren aldeko manifestua, eta atzo [abuztuak 27] aurkeztu zuten, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak eta Maite Artola Euskadi Irratiko esatariak irakurri zuten adierazpena. Manifestua sinatu dutenen artean daude Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko HITZAko kazetariak.