Isuntzako gizonezkoen traineruak ez du Galiziako estropadetan parte hartuko
Arraunlari batek positibo eman du PCR proba batean, eta hori dela eta, ezingo dute ligako azken bi estropadetan parte hartu. Gainontzeko kideek negatibo eman badute ere, irailaren 1era arte konfinatuta jarraitu beharko dute, PCR probak errepikatu arte.
Traineruen Kluben elkarteko ordezkariek jakitera eman dutenez, Isuntzako gizonezkoen traineruak ez du parte hartuko asteburuan Ares eta Boiron jokatuko diren Euskolabel ligako azken bi estropadetan. Hain zuzen ere, Lekitarra-n COVID-19agaz lotutako kasu positibo bat atzeman dute, eta arrazoi horregatik ezingo dute Galiziara bidaiatu.
Estropadetan parte hartzeko aukera barik geratu ostean, talde lekeitiarrak 5 puntu lortuko ditu parte hartuko ez duen bi jardunaldietako bakoitzean. TKEk azpimarratu duenez, puntuazio hori “azken 14 jardunaldietan orain arte lortutako bataz besteko puntuak kontuan hartuta” izango da.
Hain zuzen ere, Lekeitioko arraun taldeak kirolari bati lan munduan jatorria duen proba batean atzemandako positibo baten berri eman du, eta TKEren eta osasun agintarien protokoloak esandakoari jarraituz, taldeko gainontzeko kirolariek eta taldeko teknikariek ere berrogeialdia egin beharko dute. TKEk azaldu duenez, arraunlari guztiek dagozkien PCR probak egin dituzte, “taldearen barruan positibo gehiago baztertzeko” asmoagaz.
Isuntza Arraun Elkarteak azpimarratu duenez arraunlariari egindako hainbat proben emaitzek “balore kontrajarriak” agertzen dituzte, eta horiek ez omen dira “erabakigarriak”. Bestalde, gainontzeko arraunlariei orain arte egindako proba guztien emaitzak negatiboak izan direla jakinarazi dute. “TKEko epaileak zentzumena eta zuhurtzia oinarri hartuz, irailaren 1ean burutuko diren proba berriak egin arte konfinamendu protokoloa aplikatzeko agindua eman digute”.
Martitzenean [irailak 1] egingo zaizkien probetan arraunlari guztien emaitzak negatiboak baldin badira irailaren 3an Donostian jokatuko den Kontxako sailkatze estropadan parte hartzeko moduan egongo da Lekittarra.