Jaurlaritzak iragarri du ikastetxeetan maskara derrigorrez jantzi beharko dutela LH1etik aurrerako umeek
Ikasturtea hasteko datak aldatu ditu Jaurlaritzak: DBH3, DBH4 eta Batxilergoko ikasleak irailaren 15ean hasiko dira, eta ez irailaren 7an. Ez da aldaketarik egongo Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBH1eko eta DBH2ko ikasleentzat: irailaren 7an hasiko dira. Hezkuntza Sailak beste mila irakasle kontratatzea aurreikusi dute.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2020-2021 ikasturteari buruzko argibideak eman ditu. Aldaketa nagusietako bat ikasturtea hasteko data da: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako ikasleak eta Batxilergokoak irailaren 15ean hasiko dira, eta ez irailaren 7an. Ez da aldaketarik egongo Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBH1eko eta DBH2ko ikasleentzat: irailaren 7an hasiko dira. Hezkuntza presentziala izango da.
Maskararen erabilera “indartu” egingo dutela ziurtatu du Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Horrenbestez, LH1etik aurrerako haurrek erabili beharko dute, baita 1,5 metroko distantzia mantentzen dutenean ere. HHn ez da derrigorrezkoa izango, baina “posible den kasuetan” erabili beharko dute.
Baliabide gehiago jarriko dituztela azaldu du Uriartek. Zehazki, 1.000 irakasle gehiago kontratatzea aurreikusi dutela ziurtatu du geletan ikasle gehien dituzten ikastetxeetarako.
Ikastetxeei dagokienez, bakoitzak arduradun bat izango du COVID-19agaz lotutako alderdiak lantzeko. Pertsona hori, zentroko zuzendaritzagaz batera, Osasun Publikoarekiko koordinazioaz arduratuko da.
Halaber, ikastetxe bakoitzak erreferentziazko ESI bat izango du (Erakunde Sanitario Integratua). Ikasle edo irakasle batek COVID-19rekin bateragarria den sintomarik badu, ez du ikastetxera joan beharko. “Azkenean kasua baieztatzen bada, ikastetxea bere erreferentziazko ESI-arekin harremanetan jarriko da, eta uneoro Osasun Publikoaren jarraibideak beteko dira”.
Egoeraren bilakaeraren jarraipena egiteko, balorazioa egiteko, neurriak hartzeko edo aurreikusitako ekintzak modulatzeko, astero bilduko den Jarraipen Batzorde bat egongo da lurralde bakoitzean, Osasun Publikoak eta Hezkuntza Sailak osatua. Gainera, Hezkuntza-COVID Aholku Batzordea ere eratuko da.
Higienea eta segurtasuna. Aurreko ikasturtean hezkuntza-etapa batzuetan aurrez aurreko jarduerari berrekitean gertatu zen bezala, Hezkuntza Sailak hezkuntza jarduera “bermeekin garatzeko” behar den higiene eta segurtasun materiala emango die ikastetxeei:
- Ikastetxeen garbiketa: Hezkuntza Sailak enpresa esleipendunekin adostu du hasieran aurreikusitako zerbitzua handitzea. Zentro guztiek garbiketako langileak izango dituzte goizeko ordutegian, komunen eta gainazalen garbiketa indartzeko (heldulekuak, botoiak, barandak, etengailuak, etab.).
- Maskara kirurgikoak: Hezkuntza Sailak 500.000 maskara bidaliko ditu hilero ikastetxeetara. Ikasturtea hasi baino lehen, 800.000 maskara kirurgiko bidaliko dira, lehen Gela egonkorretarako eta langile espezializatuetarako (fisioterapeutak, etab.), beren jarduerarako egokiak diren norbera babesteko ekipamenduak banatuko dira, batez ere, ffp2 motako maskarak, pantailak eta nitrilozko eskularruak.
- Termometroak: ekainean kontakturik gabeko termometro digital bat banatu zen ikastetxe bakoitzean. Ikasturtearen hasieran, termometroen banaketa berria egingo da ikastetxeen behar bereziak asetzeko (eraikin bat baino gehiago duten ikastetxeak, edo ikasle asko izateagatik termometro bat baino gehiago beharrezko duten ikastetxeak, etab.).
- Gel hidro-alkoholikoa: Hilean 5.000 litro gel hidro-alkoholiko banatuko dira. Iraileko lehen astean, 500 ml-ko 10.000 poto banatuko dira ikastetxeetan.