Ondarroako Udalak jakinarazi duenez, Zaldupe udal kiroldegian COVID-19 kasu positibo bat antzeman dute; langile batek eman du positibo. Horren aurrean, udala Osakidetzagaz harremanetan jarri da eta osasun sailaren protokolo eta gomendioak jarraitzen ari direla esan dute. “Osasun saileko aztarnarien esanetan, positibo eman duen langileak ez du beste langileekin eta erabiltzaileekin arriskua sortzerainoko hartu-emanik eduki. Beraz, instalakuntza ez da itxi behar”.
Hartu-eman hori nolakoa izan den ebaluatzeko orduan elkarrekin pasatako denbora, segurtasun tartea, maskararen erabilera eta beste zenbait irizpide hartzen ditu kontuan Osasun sailaren aztarnari taldeak. Hala eta guztiz ere, Osakidetzak instalakuntzak desinfektatzeko aholkatu dio Ondarroako Udalari. Hori, hain zuzen, zapatuan [abuztuak 29] 07:00etan egingo dela esan dute, “erabiltzaileek lehen ordurako instalakuntzak prest eta garbi edukitzeko”. Udal ordezkariek azpimarratu nahi izan dute holreko kasuetan udalak ez duela erabakiak bere kabuz hartzeko eskumenik, “adituak diren Osasun Saileko profesionalen eskuetan jarri da udala”.
Ondarroako Udalak dio udal instalakuntzaren batean COVID-19 kasu positiboren bat agertzen den guztietan Osakidetzaren dioena beteko dutela. “Herritarrei ere ahal bezain laster emango zaie instalakuntza publikoei buruzko informazio guztia, beti ere baieztapen ofizial guztiak jasotakoan”.