Lekeitio zarratuko dute irailaren 5ean
Inguruko herrietan jaiak ospatu ez badira ere, jai egunetan bertara joan eta kutsatu direnak asko izan direla ikusita beste neurri batzuk hartzea erabaki dute.

Bizi den osasun egoera larriaren aurrean aurten sanantolinak eta Antzar eguna ez ospatzea erabaki dute Lekeition. Are gehiago, inguruko herrietan jaiak ospatu ez badira ere, jai egunetan bertara joan eta kutsatu direnak asko izan direla ikusita beste neurri batzuk hartzea ere erabaki dute.
Horrela, irailaren 4an, ibilgailuen sarrera murriztuko dute arratsalde-gau partean. Udalerrian bizi diren pertsonak, udalerriko enpresetako langileak edo turismo-establezimenduetan erreserbak dituzten pertsonak bakarrik sartu ahal izango dira Lekeitiora ibilgailuetan. Irailaren 5ean, berriz, Lekeitioko sarrerak zarratzea erabaki dute. Beraz, debekatuta egongo da pertsonak eta ibilgailuak udalerrira sartzea. “Lekeitiorako sarrera itxita egonda, egun horietan Isuntza eta Karraspio hondartzetara etorri nahi dutenak ere ezingo dira sartu Lekeitiora”, zehaztu du udalak.
Horrez gain, Lekeitioko portua itxita egongo da mota guztietako ontzientzat, eta ez da egongo Lekeitio helmuga edo jatorri duen garraio publikoko zerbitzurik.
San Antolin jaietan eta, batez ere, irailaren 1ean eta 5ean, taberna, jatetxe eta txokoetan kontrol zorrotzak egingo direla ere azaldu du udalak, araudia betetzen daudela ziurtatzeko. Lekeitiotik kanpo bizi diren guztiei ere deia egin diete, egun horietan Lekeitiora ez joateko eskaria eginez. “Jende pilaketak saihestu eta herritarren ongizatea bermatzeko helburuarekin hartutako erabakia da hau. Erabaki gogorra da, baina beharrezkoa COVID-19aren hedapenari aurre egiteko eta denon osasun ona lehenesteko”.