Lehen garaipena lortu dute Lekeition Urrutikoetxeak eta Irribarriak
Masters Caixabank txapelketako hamaikagarren jardunaldia jokatu zen atzo [abuztuak 31] Santi Brouard frontoian. Altuna III-Imaz eta Artola-Rezusta bikoteen arteko norgehiagoka egongo da domekan [irailak 6].
Urrutikoetxeak eta Irribarriak lehen puntua eskuratu dute Lekeition Peio Etxeberriari eta Albisuri irabazi ondoren. Zenotzeko aurrelariak Erik Jaka ordezkatu zuen bigarrenez.
Masters Caixabank txapelketako hamaikagarren jardunaldia 22-13ko emaitzagaz amaitu zen atzo [abuztuak 31]. Partida berdinduta egon zen 6-5era arte, eta gorriak (Urrutikoetxea-Irribarria) zuzenean joan ziren 15-5era arte. Partidaren bigarren zatian aldea handitzen joan zen, 18-7koa eta 21-8koa izan zen. Etxebarria eta Albisu 21-13raino hurbildu ziren, baina jadanik ez zeukaten zereginik. Urdinek ezin izan zuten lehiaren goiko aldean mantenduko zituen seigarren puntua eskuratu eta hiru jardunaldiren faltan laugarren postutik bi puntura geratu dira.
Guztira, 116 ikusle batu ziren Santi Brouard frontoian txapelketa jarraitzeko, eta txapelketari zuzeneko jarraipena egiteko beste aukera bat izango dute berriro. Izan ere, Altuna III-Imaz eta Artola-Rezusta bikoteen arteko norgehiagoka egongo da domekan [irailak 6] Santi Brouard pilotalekuan 17:00etan. Jaialdia Elordi-Garmendia eta Agirre-Ibai Zabala bikoteen arteko partidagaz osatuko da.
Sarrerak aldez aurretik lortu daitezke Gol eta Maite tabernetan.