Lekeitioko igerilekua martxan dago berriro ere
Gehienez 12 pertsona egon ahalko dira, eta jende kopurua zaintzeko hitzordua hartu beharko da.
Gaur [irailak 1] zabaldu ditu ateak Lekeitioko igerilekuak osasun neurri zehatzekin. Gehienez 12 pertsona egon ahalko dira, eta jende kopurua zaintzeko hitzordua hartu beharko da kiroldegira bertara joanda edo 94 624 30 05 telefono zenbakira deituta.
Udalak azaldu duenez, bazkideek 48 ordu aurretik deitu ahalko dute, 07:00etatik 13:30etara irailaren 9ra arte, eta hortik aurrera 8:00etatik 22:00etara. Bazkide bakoitzak guztira, bi lagunentzako hitzordua hartu ahalko du. Hala ere, egunean bertan orduren bat libre badago joan ahalko dira erabiltzaileak, baina bazkideek lehentasuna izango dute. Zehaztu dutenez, kale bakoitzean bi lagun ibili ahalko dira igerian, eta ez da kalerik erreserbatuko.
Bestalde, goizeko lehenengo hiru orduetan, 08:00etatik 11:00etara, 65 urtetik gorakoentzako zortzi toki gordeko dituzte, eta beste laurak gainontzeko bazkideentzako izango dira. Itxaron zerrenda bat sortuko dute libre gelditzen diren orduetarako. “Medikuaren gomendioa daukaten abonatuek agiria aurkeztu beharko dute kiroldegiko harreran, eurekin ahal den neurrian ordutegia zehaztu ahal izateko. Hitzordua beste abonatuen bezala aurretiaz hartu beharko dute”.
13:30etatik 14:30etara, berriz, igerilekua itxita egongo da garbiketa eta desinfekzio lanak egiteko. Ez dute ikastarorik emango, eta igerileku txikirik, momentuz, ezin izango da erabili. 10 urtetik gorako umeak nagusi barik joan ahalko dira igerilekura.