Mutrikurrek emaitza onak lortu dituzte lur gaineko txapelketan
Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketa bukatu berri du Mutrikuko taldeak. Hiru kategoriatan parte hartu, eta horietako bitan podiumean sartzea lortu du.
2020ko Euskadiko Lur Gaineko Sokatira Txapelketa Getxon jokatu dute abuztuan, eta Mutrikuko hiru kategoriatan parte hartu. Horietako bitan podiumera igo dira mutrikuarrak. Txapelketa larunbat honetan bukatuko dute 560 kiloko lehiarekin, baina Mutrikuko taldeak ez du parte hartuko.
680 kilokoan bigarren sailkatu ziren Goiherriren atzetik eta Akelarre geratu zen hirugarren. 640 kilokoan hirugarren postua lortu zuen Mutrikuk, Goiherriren eta Gaztediren atzetik. 600 kilokoan, berriz, laugarren geratu zen; Goiherri A nagusitu zen, eta Gaztedi eta Akelarre sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Balorazio positiboa egin dute mutrikuarrek. Taldea mantendu dutela eta jendea gogotsu ikusi duela azpimarratu du Jabi Urrestik.
Taldekidearen hitzetan, aurten ez zuten helburu zehatzik, eta emaitzak “pentsatu baino hobeak” dira: “Egoera ez ohikoa izan delako, eta taldea osatzeko ere nahiko justu egon garelako. Errealitatea ikusita, hirugarren eta laugarren postuen artean sartzea zen helburua. Gainera, taldekide batek meniskoan min hartu zuen entrenatzen, eta bat gutxiago egotea ere igarri egiten da. Taldea murritza denean bat lesionatzea asko da”. Akelarre da Mutriko taldearen aurkari zuzena: “Erandioko taldea da gure mailan dagoena. Goiherri eta Gaztedi beste maila batean daude; esperientzi askoko kirolariak dituzte”.
COVID-19ak beste kiroletan modura, nabarmen eragin die sokatiralariei ere. Ez ohiko denboraldia eduki dute, azken unera arte zalantzaz beteta. Antolakuntzako kideek, eta batik bat Getxo Kirolak taldekoek egindako lana eskertu du Urrestik.
Baimena eduki zutenean, entrenatzen hasi ziren, baina ez zekiten txapelketa egingo zen ala ez: “Entrenatzen hasi ginen, eta azkenean lortu zen Euskal Herriko txapelketa egin den moduan egitea”. Pisua zaintzea izaten da sokatiralarien zereginetako bat, eta ohi moduan prestatu ezin izan dutenez, ahalegin gehiago egin behar izan dute. “Konfinamenduan batzuk pisua hartu zuten, eta pisu txikirako pixka bat motz geratzen ginen taldekideekin. Baina, esfortsu hangiagoa egin ahal izan dugu, eta behintzat egon ahal izan dugunok pisuan sartu gara. Bi neska aurten hasi dira taldean, eta 600 kilokoan eurekin sartzea zen gure asmoa. Azkenean neska bakarragaz parte hartu genuen”.
Azaldu duenez, 680 kilotan Gaztedik parte hartu izan balu, seguruenik hirugarren postuan geratuko ziren. Izan ere, Laukizko taldeak etxean geratzea erabaki zuen Koronabirus kasu posible bategatik. “Ez omen zen joan egun batzutan entrenatzen, baina segurtasunagatik parte ez hartzea erabaki zuten”.
Munduko txapelketa. Faduran lehiatu dute txapelketa. Hain zuzen, abuztuan leku horretan lehiatu behar zuten Munduko txapelketa, eta datorren urtera arte atzeratu dute. “Leku polita da. Munduko txapelketara begira lursaila ze egoeratan dagoen ikusten ibili gara. Pentsatzen genuen txarto egongo zela, baina ondo ikusi dugu”.