GI-638 errepideko zorua berritzeko lanak hasi dituzte Mutrikuko Mijoa auzoan
Tetuan baserria zegoen paretik Katetxe pareraino arekak berriztu eta hiru kutxatila ipiniko dituzte. Hasierako lanak bukatutakoan, errepidea asfaltatu egingo dute.
Mutrikuko eta Ondarroa batzen dituen GI-638 errepidearen zati bat berritzen ari direla jakitera eman dute Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek. Zehaztu dutenez, 5,6 eta 7,9 KPen artean egingo dute jarduera: Tetuan baserria zegoen paretik Katetxe pareraino (Bizkaiko mugaraino).
Joan den astean hasi zituzten lanak, eta aldundiko iturriek azpimarratu dutenez, “lehentasunezko, oinarrizko eta eskualde sareetako errepideen zorua birgaitzeko kontratuaren baitan” kokatzen da jarduna, eta aurreikuspenen arabera, urrian amaituko dituzte lanak. Lanek irauten duten tartean errepideko bide bat itxita egongo da; zirkulazioa semaforo bidez ari dira zuzentzen.
Honako lanak egingo dituzte: bost zentimetroko errodatze geruza berria botako dute, arekak ipiniko dituzte hainbat puntutan eta hiru kutxatila berri ere ipiniko dituzte. “Hasteko errepidea drainatzeko jardunak egingo dira; hau da, kutxatilak eta arekak ipiniko dira. Eta, amaitzeko, errodatze geruza berrituko da”. Hasierako lanak Excavaciones y Transportes Orsa S.L. enpresa egiten ari da, eta, iragarri dutenez, iraila eta urrian burutuko dituzte lan horiek. Hasierako lanak amaitu ostean, asfaltoa botako dute, errepide guztia “berdintzeko”.
Errepideko zorua birgaitzeko lanei dagokionez, zatika ari dira lanean. Egunotan Tetuan paretik Toki Eder parera artean ari dira lanak egiten. Galtzadaren ertzeko areka zabaltzen eta berrizten ari dira. “Gehiena apurtuta zegoen eta orain zegoena birgaitzen ari gara”. Errepide hegalean lehen zegoen areka zulatzen ari dira, eta gunea zabaltzeko, lehendik zeuden hormigoi zati zaharrak ere kentzen ari dira.