Malen Amenabarrek eraman du Peru Abarka lehiaketako ilustratzaileen ataleko saria
Yolanda Larreategi markina-xemeindarraren idazlan saritua osatuko dute Amenabarren ilustrazioek. Peru Abarka lehiaketako album berria urriaren 24an aurkeztuko dela aurreratu dute antolatzaileek.
Guztira, 14 lan aurkeztu dira aurten lehiaketara, eta Malen Amenabar larrabetzuarraren Kaiola lana aukeratu du epaimahaiak. Irailaren 1era arteko epea izan du ilustratzaileak lana amaitzeko eta albuma urriaren 24an aurkeztuko da.
Amenabarren proposamenak album ilustratuetan hainbeste eskertzen duten ekarpen berria eskaintzen duela nabarmendu dute: “testua abiapuntu hartuta, harago doa marrazkiekin ilustratzailea, barneratutako istorio horri ate berriak irekiz. Ekarpen pertsonalak egiten ditu, baina guztion iruditegiari keinu eginez aldi berean: txoriak, kaiolak, hegoak, lainoak, basoa… Elementu guztiak bihurtu ditu protagonista, bidaia baten sinbolo”. Protagonisten bikotea metafora eder bategaz osatu dela ere gaineratu dute: “Kaiola goiburuak iradokitzen duenari jarraituta: kaiola, motxila, bidaia eta bidaideak”.
Malen Amenabarrek (Larrabetzu, 1994) ilustrazioa, kartelgintza eta animazioa landu ditu, eta banako zein taldeko proiektuetan parte hartu du, besteak beste, Txakur Gorria sormen kolektiboaren partaide da. Peru Abarka lehiaketa irabazten duen bigarren aldia da; izan ere, 2018an ere garaile suertatu zen Ezpainetakoa lanagaz.
Yolanda Larreategi markina-xemeindarraren idazlan saritua osatuko dute Amenabarren ilustrazioek.