Atzeratu egin dute Markinako Esku Pilota Txapelketa
Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, ikasturtea sendotu arte ezingo da Eskola Kiroleko jarduerarik egon. Txapelketan eskolarteko pilotariek ere parte hartzen dute.
Markinako txapelketa jokatzen hasteko asmoa zeukan barikuan [irailak 4] Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak, baina Pilota Federakuntzaren oharra jaso ostean, atzeratzea erabaki dute. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, ikasturtea sendotu arte ezingo da Eskola Kiroleko jarduerarik egon.
Egoerak hobera egiten duen heinean, lehiaketei berriro ekitea aurreikusten du Aldundiak, “baina egoera hobetu arte ezin izango da partidarik, txapelketarik, entrenamendurik, topaketarik edo antzeko jarduerarik egin, ezta lagunartekoak edo hastapen-eta teknifikazio-ikastarorik ere”. Kirol-jarduerak, entrenamenduak eta lehiaketak pixkanaka aktibatuko direla azaldu dute, “ikasturtea ondo hasi dela egiaztatzen denean”.
Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko pilotari guztiek, eskolartekoak eta federatuak, parte hartzen dute txapelketan, eta beraz, bertan behera utzi behar izan dute. Ez dakite noiz jokatu ahalko duten. “Aldundiak baimena ematen dutenean hasiko gara”. Ohi modura, maiatzetik ekainera zen jokatzekoa txapelketa; orduan ere ezinezkoa izan zen.
Izen ematea zabalik. Eskola Kirol jarduerak hasterik ez badago ere, ohikoa den bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak kirol-erakundeak Eskola Kirolaren programan izena emateko epea ireki du egun hauetan, eta 2020-2021 ikasturteko programan parte hartzeko baldintzen berri eman die erakundeei. Izena emateko prozesua Eskola Kirolaren jarduerak hasi barik egin ahalko dute.
Covid-19ak ekarri duen egoera dela eta, aurten programan parte hartzeak aldaketa esanguratsu batzuk ekarriko dizkie erakundeei, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako kirol arduradunek osatzen duten Eskola Kirolaren Euskal Batzordean adostu duten COVID-19aren aurrean jarduteko arau orokorrak araudiak nahitaez bete beharrekotzat jotzen dituen gai hauek bete beharko dituzte:
Alde batetik, erakundeek, Covid-19aren aurrean jarduteko protokoloa izan beharko dute. Protokolo hori ezinbestekoa izango dute jarduerak hasi ahal izateko. Dena den, zeregin hori errazteko, Foru Aldundiak protokolo-eredu bat jarriko du denen esku. “Bete beharreko gutxieneko baldintzak ezartzen dituzten arau orokorrak izango ditu oinarritzat eredu horrek”, zehaztu dute.
Parte-hartzaile guztiek (arduradunek, teknikariek, familiek eta tutoreek) erakundearen Covid-19aren Aurrean Jarduteko Protokoloa onartzeko akordioa aurkeztu beharko dute erakundean bertan. Akordio hori aurkeztea ezinbestekoa izango da Eskola Kirolaren Programan parte hartu ahal izateko.
Horrez gain, parte hartzen duen erakundeak osasun-arduradun bat izendatu beharko du, eta arduradun horren eginkizun nagusia Covid-19aren aurrean jarduteko protokoloa betetzen dela zaintzea izango da.
Erakundeko arduradun eta teknikari guztiek, gainera, Eskola Kiroleko Covid-19aren aurreko Prebentzio eta Segurtasun ikastaroa egin beharko dute. Ikastaroa online egingo da, doan.
Bizkaiko 6 eta 16 urte arteko 45.000 haur inguruk parte hartzen dute urtero eskola kiroleko programan, eta 700 erakunde baino gehiago daude programan sartuta (federazioak, klubak, ikastetxeak eta udalak).