Inzidentziarik barik igaro dituzte Lekeition sanantolinetako egunak
Antzar egunean udako edozein asteburutan egoten den jende kopurua elkartu da. Ez da jende pilaketarik egon.
Jairik egon ez arren, segurtasun neurri bereziak ezarri zituzten sanantolin egunetarako, eta protokoloak “arrakasta” izan duela adierazi du Lekeitioko Udalak: “jende pilaketak eta arriskua izan dezaketen egoerak saihestu dira.
Herrian egon direnek neurriak bete eta erantzukizuneko jarrera erakutsi dutela azpimarratu du udalak, eta kontroletan lasaitasuna izan dela nagusi. Izan ere, Antzar Egunagaz lotuta Lekeitioko sarrera mugatu zuten bariku [irailak 4] arratsaldean eta udalerrian erroldatutako pertsonez gain udalerriko enpresetako beharginak edo turismo establezimenduetan erreserbak zituztenak sartu ahal izan ziren bakarrik Lekeitiora. Zapatuan [irailak 5], berriz, kontrolak jarri zituzten herriko sarreretan eta ez zen autobus zerbitzurik egon. “Erroldatutakoak edota justifikatutako kasuak sartu ahal izan ziren ibilgailuz”. Portuko sarrera ere itxita egon zen.
Neurri guzti horiek asteburu lasai batez gozatzeko aukera eman dutela esan dute. “Lekeitioko neurriak ondo heldu dira bisitariengana eta kontroletan lasaitasuna izan da nabarmen, oso gutxi izan dira atzera buelta egin behar izan duten ibilgailuak”.
Taberna eta jatetxeei dagokionez, Antzar Egunean ohiko asteburuetako jende kopurua eduki dutela zehaztu dute, eta Ertzaintza eta Udaltzaingoa, aldiz, egunez zein gauez, neurriak betetzen zirela ziurtatzen aritu direla gaineratu dute. “Orokorrean ez da intzidentziarik egon eta herri barruan egon direnek segurtasun neurriak bete dituztela antzeman ahal izan da”.
Hori dela eta, Lekeitioko Udalak eskerrak eman dizkie erantzukizuneko jarrera hori erakutsi duten lekeitiarrei eta Lekeitio maite duten guztiei “aurtengo ez jaiak arriskurik gabeko testuinguru batean bizi ahal izan direlako”. Inguruko herrietatik Lekeitora etorri ez direnei ere eskerrak eman dizkie udalak, eta gogoan eduki ditu bai eta ere Ertzaintza, Babes Zibila eta Lekeitioko Udaleko beharginak “segurtasun neurriak betetzen direla ziurtatzeaz arduratu direlako”.
Jai egunak igarota, aurrera begira ere arduraz jokatzen jarraitzeko deia egin die udalak herritarrei.