Kafeatzeko irteera asfaltatuko du Ondarroako Udalak
Ibilgailuak Kantoipe errebueltatik sartu eta atera beharko dira. Zirkulazioa zuzentzeko semaforoa ipiniko dute.
Aste honetan egingo dituzte lanak, eta horiek iraun bitartean ibilgailuak Kantoipe errebueltatik sartu eta irten beharko dira Kafeatzera. Ibilgailuen sartu-irtena semaforo bidez kontrolatuko da. Semaforoak Kantoipe errebuelta parean eta Kafeatzean ipiniko dituzte eta 30 segundoz sarrera baimenduko dute eta beste 30 segundoz irteera.
Lanek astebete irautea aurreikusten du udalak: “Kafeatzeko sarreran dagoen lurzoruan zuloak daude eta hori leundu eta ondoren asfaltatze lanak egingo dira; berregokitze lanak egingo dira eta Nasa Kalekoa bezalako lurzorua ipiniko da”, azaldu du Eneritz Basurko Pagoaga Hirigintza zinegotziak. Aldi berean, Kantoipetik Kafeatzera bitarteko bide horretan dagoen irisgarritasuna hobetzea da udalaren asmoa, “gaur egun dauden espaloiak oso estuak dira eta”.
Udalak azaldu duenez, lauzpabost ibilgailu kendu beharko dira Kafeatzetik, sartu-irteerak ondo egin ahal izatea bermatzeko: “Etxebizitzen azpian aparkatuta egoten diren kotxeak kenduko dira, horrela sarrera eta irteerak ondo egin ahal izateko bi norabideak bermatuz”. Lanek ahalik eta eragin gutxien edukitzeko aukera honetan baliatzea erabaki du udalak. “Beste aukerak kotxeak Alamedatik zehar ibiltzea edota Kafeatzeko aparkaleku guztiak kentzea ziren”.