Udal eraikin eta kirol instalazioetako protokoloak eguneratu ditu Munitibarko Udalak
Gaurtik ezarri dituzte protokoloak. Liburutegia berriro zabaldu dute. Frontoirako taldekako erreserba egin nahi izanez gero, hamar pertsona baino gutxiago izan behar dira.
Maiatzean zehaztutako udal eraikin eta kirol instalazioetako protokoloak eguneratu dituzte Munitibarrren.
Liburutegia berriro zabaltzeko erabakia hartu du Munitibarko Udalak, baina erabiltzaileek aurretiaz txanda hartu behar dute 94-616 57 28 (liburutegia) edo 94-616 40 07 (idazkaritza) telefono zenbakietara deituta edo liburutegia@munitibar.org helbide elektronikora idatzita.
Gehienez 10 pertsona egongo dira aldi berean, eta horiek, elkarrengandik 1,5 m-ko segurtasun tartea gorde beharko dute. Liburuak hartu aurretik eta erabili ondoren eskuak garbitu behar dituzte herritarrek, eta erabilitako liburuek berrogeialdia pasatuko dute.
Udal administrazioari dagokionez, arreta telematikoa lehenesten jarraitzen dute, ohiko ordutegian. Hauek dira harremanetarako bideak: 94-616 40 07 eta administrazioa@munitibar.org.
Gune komunei dagokienez, udaletxeko komunak langileentzat bakarrik daude erabilgarri. Liburutera doazenek beheko komuna erabili behar dute. Ate guztiak zabalik uzteko erabakia ere hartu dute, eta elementu komunak (barandak, heldulekuak…) ez ukitzeko ahalegina eskatu diete herritarrei.
Kirol instalazioak. Gimnasioak itxita segitzen du, baina kanpoko gimnasioa erabiltzeko aukera daukate bizilagunek. Segurtasun distantzia mantentzeko eta kirola egin aurretik eta ondoren eskuak garbitzeko eskatu dute.
Frontoiari dagokionez, aurretiaz txanda eskatu behar da (94-616 40 07 edo administrazioa@munitibar.org) udalko ohiko ordutegian, eta gomendatu dute erreserba aurreko lanegunean egitea. Munitibarren erroldatuek eta Lea Ibarra Motrollo pilota eskolako federatuek bakarrik erabili ahal dute frontoia aldagelak zarratuta dauden bitartean. Taldeka erreserba egin nahi izanez gero, hamar pertsona baino gutxiago izan behar dira.
Frontoira sartu eta irten ondoren eskuak garbitu behar dira. 50 minutuko txandak ezarri dituzte. Kirola egin ostean, erabiltzaileek gune zehatz batzuk (ateetako heldulekuak eta gauzak uzteko egokitutako tokia…) desinfektatu behar dituzte. Horretarako materiala udalak utziko du bertan. “Frontoira txanda hasi eta 55 minutura utzi beharko da. Agindutako denborak edo segurtasun neurriak ez direla betetzen susmatzen edo kexaren bat jasotzen bada, ez da erreserba berririk egiteko aukerarik egongo emergentzia egoera luzatzen den bitartean”.