Iriste erraztasuna eta segurtasuna hobetzeko lanak egin ditu Markina-Xemeingo Udalak
Osasun etxe ondoko eskailerak kendu eta oinezkoentzako arrapala bat jarri dute.
Osasun etxeko iriste-erraztasuna hobetzeko lanak amaitu ditu Markina-Xemeingo Udalak. Horretarako, eraikinaren sarreraren albo batean zeuden eskailerak kendu eta oinezkoentzako arrapala bat jarri dute, dagokion barandagaz, osasun etxera doazenen iriste-erraztasuna eta erosotasuna bermatzeko. Udalak jakitera eman duenez, lanek 14.828,72 euroko inbertsioa egin dute; aldapak 13.903,07 euroko eta heldulekuak 925,65 euroko kostua izan dute.
Oinezkoen segurtasuna bermatzeko, berriz, segurtasun hesiak ere jarri zituen udalak abuztu amaieran baita ere Karmengo Kalean, zehazki Iturritxu kaleko bidegurutze pareko espaloian. Hesien helburua oinezkoak babestea dela azaldu du udalak, tamaina handiko ibilgailuak eta autobusak bertatik igarotzean, eta batez ere bihurgunea hartzerakoan.