Jesus Mari Arruabarrenaren 'Muga', Markina-Xemeinen
Argazkilari durangarrak bere proiektua azaldu eta ikusgai jarriko du Arretxinagako ermitan. Ikastaroa bat ere eskainiko dute Uhagon kulturgunean Jesus Mari Arruabarrenak eta Txelu Angoitiak. Parte hartzea doakoa izango da.
Jesus Mari Arruabarrena argazkilariaren Muga argazki erakusketagaz gozatzeko aukera egongo da irailaren 27ra arte Markina-Xemeinen. Erakustoki berezian jarriko du bere lana ikusgai durangarrak: Arretxinagako ermitan. Barikuan [irailak 11], inauguratuko dute erakusketa, eta aurkezpenean, irakurketa eta bisita gidatua egingo direla jakitera eman dute ekitaldia antolatu duten Uhagon kulturguneko arduradunek.
“Irakurketa musikatua izango da, Jesus Mari Arruabarrena, Txelu Angoitia eta Mikel Unamunzagaren eskutik”. Ondoren egingo da bisita gidatua, egilearen eskutik. Aurkezpena 19:00etan hasiko da, eta erakusketa ermitaren ohiko ordutegian egongo da ikusgai: 09:00etatik 20:00etara.
Aurkezpenean parte hartzea doakoa bada ere, edukiera mugatua egongo denez, sarrerak aldez aurretik hartu beharko direla azaldu dute kulturguneko arduradunek. Sarrerak udaletxeko harrerako kutxazain automatikoan (08:15etik 15:00etara) edo Uhagonera deitu (94 616 63 03) edo idatzita eskuratu ahalko dira.
“MUGA, argazki erakusketa bat baino proiektu zabalagoa da. Proiektuak Iparraldeko eta Hegoaldeko mugan egindako argazkiak biltzen ditu. Autoreak kartografia fisiko eta emozionala egin du lan horren bitartez, eta, paisaiaz gainera, bere barruari ere erreparatu dio ibilbide horretan”, azaldu dute.
Ikastaroa. Bere lana aurkezteagaz gainera, Jesus Mari Arruabarrenak argazki ikastaroa ere emango du Txelu Angoitia argazkilariagaz batera. Ikastaroa Uhagon kulturgunean izango da zapatuan [irailak 12] 10:00etatik 14:00etara.
“Ez da argazkiak ateratzen ikasteko ikastaro bat izango, ez da teknikarik irakatsiko. Proiektu fotografiko bat aurrera eramateko aholkuak emango dira: gaia zelan landu, ikerketa eta plangintza zelan egin, argazkiak zelan egin eta editatu, lana zelan aurkeztu: erakusketa, liburua, eta abar “, zehaztu dute Uhagon kulturgunekoek. Parte hartu nahi dutenek eguena [irailak 10] izango dute azken eguna izena emateko. Ikastaroa ere doan izango da.