Irailaren 21ean hasiko den Artedramarako sarrerak erreserbatu egin behar dira
Kultur Etxeko emanaldiak doakoak badira ere, aldez aurretik sarrerak hartu behar dira. COVID-19agatik egindako etenaren osteko ‘Zaldi Urdina’ren lehen emanaldia hartuko du Aulestik.
Pazko Astean bertan behera utzi ondoren, Artedrama Topaketak irailaren 21etik 26ra egingo dituzte Aulestin.
Aurrekoetan ez bezala, aurten, astegunetako Kultur Etxeko emanaldietarako sarrerak erreserbatu behar dira. Doako saioak dira, baina, aforoa mugatua denez, aforo hori kontrolatzeko jendeak aurretiaz hartu beharko ditu sarrerak, 09:00etatik 14:00etara udaletxean edo 94-627 90 06 telefono zenbakira deituta. Frontoiko emanaldietarako sarrerak 5 eurotan jarri dituzte aurten ere, eta horiek ere udaletxean hartu behar dira.
Pertsona bakoitzak gehienez hiru emanalditarako sarrerak hartu ditzake, eta emanaldi bakoitzerako bi sarrera. Kulturgintzari jarritako protokoloak jarraitu behar dituztenez, %60ko aforoa egongo da Kultur Etxean zein frontoian. “Frontoia handiagoa denez, jende kopuru handiagoa espero dugu. Kultur Etxean 80 bat pertsona sartu ahalko dira, eta frontoian, berriz, 150-180 bitartean”.
Kultur Etxeko saioak 21:00etan hasiko dira, eta frontoikoak, 22:00etan.
Azken ukituak ematen ari dira Artedramakoak. Azken orduan aldaketa bat egin behar izan dute, baina dena “martxa onean” doala azaldu du Ander Lipusek: “Herriko bozak iparraldetik etortzekoa zen bariku gaueko emanaldia eskaintzeko. Azkenean, Tartean Teatroaren Ez dok hiru. Euskal musikaren benetako istorioa etorriko da”.
Askotariko eskaintza. Zapatu gauean Zaldi Urdina eskainiko dute frontoian. Koronabirusak eragindako etenaldiaren osteko lehenengo emanaldia izango da Aulestikoa. “Kristoren gira ari ginen egiten, jendez gainezka teatroak betetzen, eta udazkenean azken bira egingo dugu Euskal Herritik zehar. Lehendik geneuzkan emanaldiak berreskuratu ditugu”.
Astelehenetik zapatura, “denetarik egongo dela” zehaztu du Lipusek. Tomiris bakarrizketagaz etorriko da Bilbotik Atx Teatroa. Iraia Eliasen eta Amancay Gaztañagaren eskutik, Matriuska ere Kultur Etxean eskainiko dute, bai eta Gasteiztik Tripak Kolektibokoek Urruna “antzerki- performance nahiko kontenporaneoa eta apurtzailea” eskainiko dute.
Baina, publikoarentzat eskaintza bakarrik ez dauka topaketak, eta urtero legez, formakuntza ere eskaini dute Artedramako kideek. Hamalau ikasle ariko dira goiz eta arratsaldez askotariko tailerrak egiten, Lea Espazioan.
“Normalidade arraro honetan dena ondo joatea espero dugu. Guk zentzuz jokatuko dugu, eta uste dugu jendeak ere zentzuz jokatuko duela. Badakigu zein den egungo egoera, baina pena ematen zigun bertan behera uztea, eta kristoren ahalegina egin dugu. Badakigu herritarrak ere gogotsu daudela”, azpimarratu du markina-xemeindarrak.