Aurten ez da jairik egingo Arretxinagan
Momentu honetako osasun egoera dela eta, San Migel jairik ez antolatzea erabaki du Arretxinagako Jai Batzordeak. Asko hausnartutako eta kostatutako erabakia izan dela argitu dute.
Arretxinagako San Migel jaiak. COVID-19an eragindako egoeragatik, aurten San Migel jairik ez antolatzea erabaki du Arretxinagako Jai Batzordeak. Azken 44 urtetan, hutsik ere egin barik, urtero-urtero antolatu badituzte ere, momentu honetan ekitaldi jendetsuak antolatzeko oztopoak handiegiak direla ikusi dute, eta jendearen osasuna jarri dute beste ezeren gainetik.
Erabaki hori hartzea zaila izan dutela aitortu du Arretxinagako Jai Batzordeak. Arrazoi askorengatik asko hausnartu eta kostatutako erabakia izan dela azaldu dute: “Batetik, gure ahuldadeaz jakitun garelako eta hainbeste urtetako ibilbidearen ostean huts egitea arriskutsua izan daitekeelako batzordearen egonkortasunerako. Bestetik, kultura arloan hainbesteko gabezia dagoen honetan gure urteroko ekarpena egin nahi geniolako sektore horri eta zer edo zer programatu, kultura segurua izan daitekeelako baldintza egokietan garatuta”. Baina ekimenak antolatzeko daukaten espazioagatik eta jende kopurua kontuan hartuta, antzerki, kontzertu edo umeen ikuskizunik osasun baldintza egokietan antolatzea ezinezkoa egiten zaie.
Eta azkenik, Markina-Xemeingo jai nagusietako bat izanda, “mingarria” ere egin zaie jaia bertan behera ixtea. Horrela, 2021eko San Migel jaietarako gonbidapena luzatu dute. “Indarberrituta bueltatuko gara datorren urtean. Besarkada estu bat urtero-urtero gure jaietan partaide izaten zaituegun guztioi”.