Ekitaldi kulturalagaz amaitu dute Lekeitioko XV. Beteranoen Esku Pilota Txapelketa
Lekeitio ezagutzeko bisita gidatua eta bazkaria egin dituzte. Julian Arrate lekeitiarrak agur esan dio txapelketari.
Ekitaldi kultural bategaz eman diote, aurten, amaiera, Lekeitioko trinketean jokatzen den Beteranoen XV. Esku Pilota Txapelketari. 15 lagunek parte hartu zuten domekan [irailak 13] Marierrotaren bisitagaz hasi zen ekimenean.
Itsas errotaren funtzionamendua ezagutu ondoren, Lekeitio ezagutzeko aukera eduki zuten txapelketaren antolatzaile Julian Arrateren eskutik. Arratek Lumentza mendia, harresia, Usotegi ortua, Dominikar eliza, Uriarte Jauregi eta inguruan dauden etxe eta monumenturen berri eman zien Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaitik etorritako jokalariei. Eta amaitzeko, Mendexako abentura parkean saio polit bat egin eta Leagi kanpineko jatetxean agur-bazkaria egin zuten.
COVID-19aren aurreko osasun neurriak zirela eta, txapelketaren finalean banatu barik utzi zituzten sariak emateko ere erabili zuten eguna. Guztien artean bozketa eginda erabaki zuten Mikel Jaunarenari (Gartzaron) Dejada onenen saria ematea, Andoni Egañak (Mendaro) Umore onenaren saria eraman zuen, Pilotari gogotsuenaren saria, berriz, Robert Gomezentzat (Ermua) izan zen, eta Jenio bizienaren saria Iñaki Madariaga eibartarrak eraman zuen.
Jokorako tartea ere hartu zuten, baina, oraingoan pilotan barik musean jardun zuten pilotariek, horretan ere dema gogorrean aritu zirelarik. Azkenean, Xabier Iturriotz Zapa Erasokoa eta Mikel Jaunarena Gartzarongoa geratu ziren txapeldun. Azpi-txapeldunak, ostera, Itziarko Iñaki Astigarraga eta Mendaroko Andoni Egaña.
Agurra. 15 urtez antolatzen ibili ondoren, Julian Arrate lekeitiarrak agur esan zion domekan txapelketari, baina, bere lekukoa hartu eta txapelketa antolatzen jarraitzera animatu zituen partaideak. “Euskal Herri mailako txapelketa bakarra, eta gainera, formatu berdinean kirola eta ekintza kulturalak uztartzen dugu”, azpimarratu zuen.