Haritz Garate lekeitiarra, zazpigarren Santanderko triatloian
Maila handiko triatletek parte hartu zuten norgehiagokan, eta irabazlea Javier Gomez Noya triatleta ezaguna izan zen.
Haritz Garate Txurruka lekeitiarrak zazpigarren postua eskuratu zuen atzo [irailak 13] Santanderren (Kantabria, Espainia) jokatu zen triatloi olinpikoan. Maila handiko triatletek parte hartu zuten norgehiagokan, eta irabazlea Javier Gomez Noya triatleta ezaguna izan zen (1.40.41), bost aldiz munduko txapelduna. Emakumeen kategorian Sara Perez izan zen irabazlea.
Ciudad de Santander triatloia drafting gabeko distantzia olinpikoko proba bat da, eta parte-hartzaileek 1.6 kilometro igerian, 36 bizikletan eta 10,6 lasterketan egiten dituzte. Guztira, 230 kirolarik parte hartu zuten, eta 1.50.55 denbora bikaina eginez ailegatu zen Garate helmugara.
Amandarri Triatloi Taldeko Julen Sagastibeltza Lasartek ere parte hartu zuen Santanderko proban, 22. postua lortuz. 1.56.24 denboran osatu zuen proba.
Amandarriko triatletek adierazi dutenez, “poz pozik” bueltatu dira normalitate berri honetako triatloietara. Izan ere, Santander Hiria 2020 triatloiari esker, triatleta askok berriro ekin ahal izan diote jarduerari, Osasunaren Munduko Erakundeak pandemia deklaratu zuenetik lehen aldiz.