Antzerkiaz kutsatzeko gonbidapen sanoa dakar Artedramak
Udaberritik udazkenera saltoa emanda, badatoz Aulestira Artedrama Topaketak. Arte eszenikoen plaza kuttunak askotariko uzta utziko du datorren astean, publikoaren zein sortzaileen zentzumenak goxatuz.

Kultur eskaintzaren gosez direnentzat hitzordu garrantzisua prest daukate Aulestin. Artedrama Topaketaren atzera kontaketa hasi da. Datorren astelehenetik zapatura eskaintza oparoagaz beteko da udalerria.
Sasoian sasoikoa eskaintzen du urtero Artedramak. Hau da, momentuan Euskal Herriko arte eszenikoen panoraman dauden lanen lagina plazaratzen du Aulestin, euskal antzerkiaren iturburu bihurtuz.
Topaketa aurten Pazko Astean ordez irailean egingo bada ere, sei egunetarako egutegiari eutsi diote.
%60ko gehienezko aforoa dago halako kultur ekitaldietarako. Eta beraz, maskarillak soinean eta distantziak gordeta, beste urteetan modura ezingo dituzte aretoa eta frontoia erabat bete, eta sartu aurretik eskuak garbitu beharko dituzte ikusleek.
Antolatzaileak ziur daude jendeak zentzuz jokatuko duela. “Jende gutxiago egongo da, baina ez dugu uste aparteko beste gauzarik egin behar dugunik. Zentzuarekin jokatuta, uste dut antzerkiak asko ekartzen ahal digula. Tabernetan dagoen libertate hori ez dut ikusten teatroan, eta uste dut teatrora jendea txintxo-txintxo joaten dela, eta bere lekuan jartzen dela”, dio Ander Lipusek. Garrantzitsuena beldurra kentzea dela nabarmendu du.
Gozatzeko gogotsu. Antolatzaileak modura, herritarrak ere gogotsu daudela badakitela esan du markina-xemeindarrak: “Uste dut Aulestiarrentzat ere ederra dela bertan behera utzi ez izana, eta garrantzia ematea urtez urte antolatzen ari garen topaketa hauei, eta ahal den heinean programa betetzea eta egitea”.
Beldurrak albo batera utzi, eta bizitzen eta gozatzen jarraitzearen aldeko hautua egiteko deia luzatu du: “Uste dut kutsatzeko arriskurik politena kultura bera dela, eta antzerkia dela, eta ea lortzen dugun jendea antzerkiaz kutsatzea, eta berriro ere gozatzea Aulesti bezalako topaketa batzuetan. Kristoren pena ematen zigun bertan behera uztea eta kristoren ahalegina egin dugu”.
Ander Lipus: “Aulestin herri-antzerkiak hartzen du tokia,
eta magia hori ezin genuen utzi”
Indarkeria matxistari eta mendeku zilegiari buruzko Tomiris bakarrizketagaz zabalduko du teloia aurtengo Artedramak. Errealitatea eta fikzinoa uztartzen ditu istorioa “gordin bezain sentsuala, erreal bezain fantastikoa, zorrotz bezain zolia” da.
Biharamunean Iraia Eliasek eta Amancay Gaztañagak Matriuska eskainiko dute udal aretoan. Bertaratutakoek ezustekoz beteriko bidean ikusiko dituzte ikerkuntza batean murgilduta dauden bi zientzialari.
Urruna, berriz, antzerki-performance nahikoa kontenporaneoa eta apurtzailea da. “Urrun sentitzen den atmosferaz” beteko dute aretoa eguaztenean.
Barrutik kanpora irtengo dira eguenean. Udal aretoan barik, Iruzubi Lasaigunean batuko dira Tabernariagaz. Mikel Martinezek “kaña bat ondo botatzeko instrukzioak” azalduko ditu. Barikuan, berriz, Patxo Telleria lagun duela ariko da Martinez frontoian, publikoa euskal musikaren imajinario kolektiboan murgilduko duen Ez dok hiru ikuskizuna eskaintzen.
Zaldi Urdinagaz biribilduko dute astea. Ikerketa amateurra, gazteriaren ondoezak eta ametsak, trafikanteen eta interes ekonomikoen boterea, indar polizialen konplizitatea eta politika baten aztarna batzen dituen koktela da. Aurtengo bira martxoan eten beharra eduki zuten, eta isilune honen ostean, lehen emanaldia Aulestin eskainiko dute. Eta gero, abendura bitartean Euskal Herriko hainbat txoko zeharkatuko dituzte.
Jendea gogoz dagoela argi daukate, eta beraz, “arrakasta ziurtatuta” daukatela. Jendea bizitzen eta gozatzen joateko gonbidapena luzatu dute: “Aulesti oso berezia da, eta jendea etorriko da antzerkia ikustera. Aulestik zerbait badauka da herri-antzerkiak hartzen duela tokia. Etortzen den ikuslegoa da umeetatik hasita, jende nagusira arte; adin guztietako jendea etortzen da gozatzera. Horrek daukan magia hori ezin genuen utzi. Horrek ematen baitio Aulestik berak daukan marka. Orduan, pentsatu dugu umeei sarrera batzuk gordetzea”.
Ikastaroak Lea Espazioan. Ikusteko bakarrik ez, ikasteko ere bada topaketa, hartu eta emateko; “laborategi gisa jaiotako esperientzia” egonkortuz doa urtez urte. Astelehenetik zapatura, hamalau ikaslek 48 orduko ikastaro trinkoa jasoko dute bost irakasle hauengandik: Ander Lipus, Maika Etxekopar, Amancay Gaztañaga, Ximun Fuchs eta Marina Suarez.
Lea Espazioan egingo dituzte lansaioak goiz eta arratsaldeak: “Espazio oso aproposa da tailerrak emateko, eta espazioa koordinatzen dutenekin tratu oso polita daukagu. Uste du on egiten diola Aulestiri halako espazio bat egotea, eta guk espazio hori aprobetxatu ahal izatea ikastaroak emateko”.
Azken orduan plaza bat hutsik geratu denez, interesa daukatenek info@artedrama.com helbide elektronikora mezu bat bidali dezakete.
EGUTEGIA:
- IRAILAK 21, ASTELEHENA: 21:00. Atx Teatroaren Tomiris, Udal aretoan.
- IRAILAK 22, MARTITZENA: 21:00. Kamikaz Kolektiboaren eta Ttak Teatroaren Matriuska, Udal aretoan.
- IRAILAK 23, EGUAZTENA: 21:00. Tripak Kolektiboaren Urruna, Udal aretoan.
- IRAILAK 24, EGUENA: 21:00. Tartean Teatroaren Tabernaria, Iruzubi Lasaigunean.
- IRAILAK 25, BARIKUA: 22:00. Tartean Teatroaren Ez dok hiru (akustikoa), frontoian.
- IRAILAK 26, ZAPATUA: 22:00. Artedrama, Axut eta Dejaburen Zaldi Urdina, frontoian.