Galbaixotako bertso saioa, Interneten ere ikusgai
Saioa domekan [irailak 20] ikusi ahal izango da 'Mutriku Udala' Youtubeko kanalean.
Mutrikuko Galbaixotako bertso saiorako sarrerarik gabe geratu ziren bertso zaleek saioa ikusteko beste aukera bat izango dute. Mutrikuko Bertso Eskolako eta udal ordezkariek jakitera eman dutenez, saio osoa domekan [irailak 20], 19:30etik aurrera, Mutriku Udala Youtubeko kanalean egongo da ikusgai. Ohartarazi dutenez, saioa ikusteko aukera bakarra egongo da. “Saioa ez da ondorengo egunetan Youtuben ikusgai egongo. Zuzenean ordu horretan ikusteko aukera egongo da bakarrik”.
Maialen Lujanbiok, Amets Arzallusek, Angel Mari Peñagarikanok eta Oihana Iguaranek parte hartu zuten irailaren 4an Zabiel Plazan eskainitako saioan.