Afrika Bibangek giro onez bete du Markina-Xemeingo Plazabarripea
Publikoa zutik jarri zen kontzertu amaieran algortarra eta bere banda txalotzeko. Kontzertuaren balorazio ona egin dute Uhagoneko arduradunek, eta ekitaldietara joatera animatu dute.
Afrika Bibang & Nomadak Bandak zutik jarri zituen joan den zapatuan [iraialk 19] Markina-Xemeingo Plazabarripean batutako entzuleak. Nomada lan berria aurkeztu zuen algortarrak, eta berehala egin zuen bat publikoagaz. Hurbileko kontzertua izan zen, eta hasieratik nagusitu ziren giro ona eta animazioa. Soul, dance eta soinu elektronikoak eskaini zituzten, entzuleen gozamenerako, eta txalo zaparradaz erantzun zion publikoak.
Hasiera batean, kulturgunean zen egitekoa Uhagonek antolatutako kontzertua, baina euria zela eta, Plazabarripera lekualdatu zuten. Euritik babesteko gainera, estalkiak jaitsi zituzten. Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, kontzertuaren balorazio ona egin dute antolatzaileek. “Giro polita eduki genuen eta entzuleak oso gustura egon ziren”. Musikarien lana ere goraipatu dute: “musikari bikainak eduki genituen Plazabarripeko oholtza gainean”.
COVID-19 pandemiak eragindako egoera erraza ez bada ere, kultur ekimenak segurtasun neurriak errespetatuz egiten direla gogora ekarri dute Uhagon kulturguneko arduradunek, eta antolatzen dituzten kontzertu, ikuskizun eta kultur ekitaldietara joatera animatu dute. “Egoera berezia izan arren ekimenetara etortzeak merezi du, bai kultur sektoreagatik, haiei laguntzeko, baita egoten den giro onagatik ere”.