Azken hiru egunetan hamabi positibo berri erregistratu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun
Barikuan [irailak 18] positibo bat erregistratu zuten Aulestin; zapatuan [irailak 19] hiru erregistratu zituzten Lekeition, Markina-Xemeinen eta Ondarroan; domekan [irailak 20] zortzi antzeman zituzten, erdiak Markina-Xemeinen. Bestalde, gaur [irailak 21], COVID-19aren biktimak gogoratzeko ekitaldia egin dute Gasteizen.
Barikutik domekara [irailak 18-19-20] COVID-19arekin kutsatutako hamabi kasu berri erregistratu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun. Barikuan [irailak 18] bakarra erregistratu zuten, Aulestin. Zapatuan [irailak 19] Lekeition, Markina-Xemeinen eta Ondarroan antzeman zituzte kasu berriak, bana bakoitzean. Azkenik, domekan [irailak 20] zortzi kasu berri erregistratu zituzten: 4 Markina-Xemeinen, 2 Ondarroan eta bana Lekeition eta Mutrikun.
Datuak lurraldeka aztertuta, azken hiru egunetan guztira 26.625 PCR proba egin dituzte. Eta horietatik guztietatik 1.431 positibo kasu antzeman dituzte (%5,3); Araban 215 kasu erregistratu dituzte, 646 Bizkaian eta 509 Gipuzkoan. 61 positibo berri EAEn bizi ez diren herritarren artean antzeman dituzte.
Ospitaleratutakoei dagokienez, atzo [irailak 20] 303 pertsona zeuden ospitaleratuta (eguenean baino 12 gehiago). Horietatik guztietatik, 57 dira ZIUn daudenak (eguenean baino 4 gehiago). Azkenik, R0 0,95ean kokatu da.
Bestalde, gaur [irailak 21] COVID-19aren biktima guztiak gogoratzeko eta aitortzeko ekitaldia egin du Eusko Jaurlaritzak Gasteizen. Ekitaldi horretan parte hartu dute Iñigo Urkullu Lehendakariak, Eusko Jaurlaritzako sailburuek, Arabako Ahaldun Nagusiak, hiru hiriburuetako alkateek eta euskal erakundeetako, Eudeleko, Arartekoko, alderdi politikoetako eta epailetzako ordezkari nagusiek.
Lehendakariak, hain justu, euskal gizartearen izenean doluminak adierazi die hildakoen senideei. “Gure dolumina adierazten dizuet. Zuen galera sentimenduan lagundu nahi dizuegu. Ez zaudete bakarrik “. Halaber, esker oneko hitzak izan ditu oinarrizko zerbitzuetako profesionalentzat.
Ekitaldiarekin Sempervirens Parkea ere inauguratu dute. “Sempervirens Parke hau oroitzapenari eta elkartasun espirituari bizirik eusteko dugun borondatearen adierazgarri da. Zentzu komunitario sakona duen gizartea gara eta izan nahi dugu “.
Ekonmiaren “susperraldi gogorra”. Hitzaldian, Urkullu lehendakariak aitortu du datozen urteetan ekonomiaren eta enpleguaren susperraldi gogor eta premiazkoari aurre egin beharko zaiola, bai eta bizikidetza sozialararen berreraikuntzari ere. “Berreraikitze zibikoa, eskua luzatuta, arlo guztietan elkarrizketa soziala bultzatuz”. Berreraikitze horren abiapuntua biktimen eta sufrimenduaren oroimenean oinarritzen dela azpimarratu du, “ahalegin kolektiboaren, konpromisoaren eta elkartasunaren balioekin batera”.