Emakume eta gizonen berdintasunerako lehenengo plana jarri du martxan Etxebarriko Udalak
Prozesua herritar guztiei zabalik dago, eta herritar guztiak eta herriko eragileak animatu ditu udalak parte hartzera.
Herriko Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana diseinatzen hasiko da Etxebarriko Udala. Jakitera eman dutenez, datozen hilabeteetan hasiko dira lehen pausoak ematen Murgibe aholkularitzaren laguntzagaz. Planaren diseinua herritar guztiei zabalik dagoela eta modu parte hartzailean eratuko dela azpimarratu dute, eta herritar guztiak animatu dituzte parte hartzera.
“Modu koordinatuan lan egingo da udal langile, politikari eta herriko eragileekin batera”, azaldu du udalak. Horretarako topaketak, elkarrizketak eta galdetegiak egingo dituzte: “datuak eta estatistikak berrikusiko dira, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren arloan izan diren aurrerapen eta hobetu beharreko gaien berri izateko”.
Proiektu hau gauzatzeko herritarrek eta herriko eragileek daukaten garrantzia nabarmendu dute: “esparru honetan informazio iturri garrantzitsuak direla deritzogu, eta beraz, parte hartzera animatzen ditugu”.
Herritarren ideiak eta proposamenak jasotzeko galdetegi bat jarri dute eskura. Galdetegia Etxebarriko Udalaren webgunean eta udaletxean dago eskuragarri. Jadanik erantzun batzuk jasotzen hasi direla esan dute.