Ibai Amillategik irabazi du Markina-Xemeingo bertso saioa
Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen faseko hirugarren eguneko saioa jokatu da Markina-Xemeinen. Udabarria Bertsotan faseko hurrengo saioak eguaztenean eta eguenean izango dira.
Markina-Xemeinen eta Berangon jokatu ziren barikuan [iraialk 18] Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen faseko hirugarren eguneko saioak. Esperantza aretoan batu ziren Markina-Xemeingo saioko bertsozaleak, eta aretoa bete-bete egin zuten.
A multzoko saioa izan zen Markina-Xemeingoa, eta 184,5 puntugaz Ibai Amillategi Omaetxebarria gernikarra izan zen nagusi. Horrela geratu zen sailkapena:
-
Ibai Amillategi Omaetxebarria (Gernika-Lumo)……184,5
-
Iñaki Iturriotz Zuluaga (Igorre)………………181,5
-
Beñat Bilbao Landa (Gernika-Lumo)…………………172
-
Xabier Enbeita Ibarra (Gernika-Lumo)………………160
-
Mikel Galarza Idirin (Leioa)…………………155
-
Irune Basagoiti Agirre (Ermua)……………….123,5
Zihara Enbeita Gardokik jarri zizkien gaiak bertsolariei, eta Alaitz Etxanobe Bereziartua, Graxi Arregi Leonardo markina-xemeindarra eta Jurgi Fuentes Goikoetxea aritu ziren epaile lanetan. Idazkaria, berriz, Itziar Basterretxea Olarreaga izan zen.
Bestalde, Berangon B multzoko saioa jokatu zen, eta Imanol Arrutiak lortu zituen puntu gehien, 159,5 hain zuzen ere.
Hurrengo saioak. Eguaztenean [irailak 23] jarraituko dute Udabarria Bertsotan faseko saioekin Muxikan eta Berrizen, eta eguenean [irailak 24], Zallan eta Derion. Lea-Artibaiko bertsolariak ere egongo dira saio horietan: Iñaki Lersundi Arrizabalaga ondarrutarrak Muxikan kantatuko du etaNahia Ibarzabal Gisasola markina-xemeindarrak Berrizen, eta Derion egongo dira Aissa Intxausti Aburruza lekeitiarra, Josune Aramendi Perez markina-xemeindarra eta Lurdes Ondaro Mallea munitibartarra. Saio guztiak 18:30ean hasiko dira.
Sarrerak Internet bidez lortu ahal izango dira Bertsosarrerak helbidean 3 eurotan, bazkideek 2 euroko prezioan eskuratu ahalko dituzte, eta 16 urtetik beherakoek, doan.