Isuntzak eta Ondarroak bandera bana lortu dute Bizkaiko Batel Txapelketan
Bizkaiko Batel Txapelketan, Lekeitioko arraun taldea emakumezkoen kadete mailan nagusitu da, eta Ondarroakoa, berriz, emakumezkoen gazte mailan. Nesken absolutu mailan txapeldunorde geratu da Isuntza, eta gizonezkoen kadeteetan Ondarroa. Euskadiko Txapelketan txapeldunorde geratu da Isuntzako nesken kadete taldea.
Bizkaiko eta Euskadiko Batel Txapelketetan lan txukuna egin dute Lea-Artibaiko bi arraun taldeek. Bizkaiko Batel Txapelketan bandera bana irabazi dute Isuntzak eta Ondarroak, eta horrez gain, aipatu bi txapelketetan hainbat podiumetan sartu dira eskualdeko arraunlariak.
Lekeitioko klubeko kadete nesken taldea da aurtengo Bizkaiko txapelduna, eta Euskadikoan txapeldunorde geratu da, San Juanen atzetik.
Zapatuan lehiatu zuten Bizkaiko txapelketan, 07:32.96 marka egin zuen Isuntzak. Bost segundo eta 17 ehunenera sailkatu zen Kaiku bigarrena, eta 11 segundo eta 64 ehunenera Ondarroa hirugarrena. Kadeteen gizonezkoetan, ondarrutarrak txapeldunorde geratu ziren, Deustu lehenengoarengandik (07:08.93) zazpi segundo eta 50 ehunenera. Kaikurentzat izan zen hirugarren postua. Isuntza, berriz, bosgarren sailkatu zen.
Ondarroako arraun taldea da nesken gazte mailan Bizkaiko txapelduna. Kaikuk eta Portugaletek osatu zuten zapatuko podiuma. Euskadiko txapelketan hirugarren sailkatu da Ondarroa, San Juan eta Tolosaren atzetik.
Bizkaiko txapelketan nesken absolutu mailan ere lehiatu ziren Isuntza eta Ondarroa, Deustugaz batera. Azken hori nagusitu zitzaien (09:53.05). Irabazlearengandik 17,39ra sailkatu zen Isuntza bigarrena, eta 20.22ra Ondarroa. Kategoria bereko gizonezkoen lehian, brontzezko domina irabazi zuten lekeitiarrek, Zierbena txapeldunarengandik 20,71ra geratuta (Arkote geratu zen txapeldunorde).