Isuntzak eta Ondarroak zortzigarren eta bederatzigarren amaitu dute Eusko Label Liga
Denboraldiko azken bi estropadetan zazpigarren eta zortzigarren sailkatu da Lekeitioko taldea. Asteburuko bi banderak irabazita, Mikel Azkarate ondarrutarra ari den Santurtzik eroan du ligako koroa.
Eusko Label Ligaren sailkapeneko lehen zortzi taldeek asteburuan lehiatu dituzte denboraldiko azken bi estropadak. Lekittarra zortzigarrena sailkatu zen zapatuan, Bermeon, eta atzo zazpigarren izan zen Portugaleten.
Soterak irabazi ditu denboraldiko azken bi banderak, Bermeon eta Portugaleten. Ligako bere lehen koroa irabazita, historia egin du Mikel Azkarate ondarrutarraren Santurtziko taldeak. Zapatuan Bermeon lehia estua eduki zuten liga irabazteko bi hautagaiek. Atzo, baina, Hondarribiak ezin izan zuen bere aurkariagaz. Santurtzik erakustaldia eman zuen Portugaleten.
178 puntugaz Santurtzi geratu da txapeldun, eta zazpi puntu gutxiago bildu ditu Hondarribia bigarrenak. Lekittarra zortzigarrenak 85 puntu pilatu ditu aurten, eta Ondarroa bederatzigarrenak 71 puntu.
Play off-ak. Beste urte batez, Bermeon eta Portugaleten erabaki dira play off-ak. Gizonezkoei dagokienez, Zarautz eta Tiran Eusko Label Ligan ariko dira datorren urtean, eta emakumezkoetan, Hondarribiak gorengo mailako postuari eutsi dio Euskotren Ligan.
Asteburuan 9 puntu pilatuta Eusko Label Ligan jarraituko du Zarautzek. 7 puntu lortu ditu Tiranek, bosna Pedreñak eta San Pedrok eta lau Samertolameuk. Bermeon jardunaldi ikusgarria egin zuten zapatuan; traineru guztiak bost segundoren barruan sartu ziren. Tiranentzat izan zen garaipena bere azken luzeari esker. Azken ziabogara bigarren iritsi arren, Zarautz aurreratzea lortu zuen. Atzo, berriz, Zarautzek egin zuen denborarik onena itsasadarrean (19:52.66) Sanpedrotarra izan zen bigarrena, 2 segundo 62 ehunenera. Pedrena sailkatu zen hirugarren, Tiran laugarren eta Samertolameu azken.
Emakumezkoetan, zapatuan Hondarribiak irabazi zuen Bermeoko lehia, eta Hibaika izan zen atzo azkarrena. 7 puntugaz mailari eutsio dio Hondarribiak. Bosna puntugaz Hibaika eta Tolosaldea bigarren eta hirugarren geratu dira, hurrenez hurren. Cabo laugarrenak 2 puntu lortu ditu play off-etan.