Itzelezko arrakastagaz hasi dituzte Etxebarrian euskal dantza eta trikitixa eta pandero ikastaroak
Antolatu dituen jardueren balorazio ona egin du ETX kultur elkarteak.
Euskal kultura eta herriko kultura sustatzeko jarduerak antolatzen jarraitzen du Etxebarriko ETX elkarteak. Iaz trikitixa eta pandero ikastaroa jarri zuten abian, eta izandako erantzun ona ikusita, aurten ikastaro horrez gain euskal dantzak ikasteko aukera ere jarri dute herriko ume eta gaztetxoen eskura.
Antolatu dituen jardueren balorazio oso ona egin du elkarteak, izan ere, uztailean zabaldu zuten izena emateko aukera bietan, eta erantzun ona eduki dute. 13 ikasle daude aurten ETX-ek antolatutako trikitixa eta pandero ikastaroan, Izarra Aizpurua irakaslearen gidaritzapean. Eta elkartekoek aipatu dutenez, 32 ume eta gaztek eman dute izena hasi berri duten euskal dantza ikastaroan. Irailaren 7tik ari dira martxan musika ikasle gazteak, dantzariek, berriz, joan den eguaztenean [irailak 16] ekin zieten eskolei Garikoitz Salcedo eta Naroa Loiola irakasleen laguntzagaz.
Ikasturte osoko jarduerak izango dira. “Astean behin elkartuko dira euskal dantzen ikasleak frontoian, eta abadetxeko geletan, berriz, trikitixa eta pandero ikastaroko ikasleak”, azaldu dute.
Jarduerak osasun eta segurtasun berme guztiekin gauzatuko direla ere jakinarazi dute ETX elkartekoek: “Segurtasun arau zehatzak jasotzen dituen protokolo bat sinatuta daukagu udalagaz, denen osasuna bermatzeko. Besteak beste, tenperatura neurtuko da eta eskuak garbitu eta maskarak erabili beharko dira. Horiek guztiak beteta aurrera doaz jarduerak”.
Ikastaroez gain, era askotako kultur ekintzak antolatzen ditu urtero Etxebarriko elkarteak, mendi irteerak, erakusketak, emanaldiak, talo ikastaroak… Eta horretan jarraituko dutela aurreratu dute: “momentu honetan kultura egoera latzean aurkitzen da eta ezin diogu hariari eteten utzi”. Beraz, antolatzen dituzten ekintzetan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete herritarrei.