Eliz Ateako eraikina musika eskola bihurtzeko lanak amaitu ditu Lekeitioko Udalak
Eraikinak aldaketa ugari izan ditu hiru urtean. Dena amaituta, Lekeitioko musika eskola zentro ofizial bihurtzeko azken pausoak emango ditu Musikaiak.
Hiru urte ondoren, Eliz Ateako udal eraikina musika eskola bihurtzeko egokitze lanak amaitu ditu Lekeitioko Udalak. 2018an hasi zen eraldaketa lanekin eta aurtengo udan amaitu dituzte. Eraikinak aldaketa ugari izan ditu hiru urtean. 2018ko udan terraza bat itxi eta gela bihurtu zuten. 2019an lehen solairua egokitzeko lanak burutu zituzten. Lehen solairua geletan banatu eta zazpi gela berri atera zituzten. Gela berriez gainera, komunak eta sarrera ere berritu zituzten, iriste erraztasuna bermatzeko. Aurtengo udan, berriz, beheko solairua berrantolatu dute, areto nagusia jarri dute bertan, eta administrazio gela eta harrera ere prestatu dituzte.
Aukerak. Uda garaiko oporrekin baliatu da Lekeitioko Udala, Musika Eskola egokitzeko lanak gauzatzeko, eta beraz, ikasturte hasierak gogorrak izan direla aitortu du Oihana Etxabe Musikaia musika eskolako zuzendariak. «Ikasturte hasierak zoramena izan dira, lekuz aldatzen ibili gara urtero». Baina emaitzagaz «oso pozik» geratu dira. «Argi asko sartzen da, areto ederra geratu da behean, irakasle gunea ere oso ondo dago, guztia hosgabetuta dago, eta, gainera, eraikin berrituak aurtengo egoeran martxan hasi ahal izateko aukera eman digu, gela denak aireztatu ahalko dira esate baterako».
Musikaia musika eskola 2014an sortu zen, eta aurtengoa zazpigarren ikasturtea izango du. Lehen urteak Lekeitioko Eskolan eta Nautikan egin zituzten, eta 2018 urtetik, apurka-apurka, eskola guztia lekualdatzen joan dira eraikin berrira. Orain, guztiak daude bertan, eta eraikin berrituan egotea ezinbestekoa izan dute aurtengo ikasturteari hasiera emateko. Etxabek azaldu duenez Musikaian ere egokitu egin behar izan dira COVID-19ak eragindako egoera berrira, eta eraikina berrituta egotea aldeko izan dute. «Ordutegiak moldatu ditugu pasabidetan ez gurutzatzeko. Guztia ekainean antolatu genuen, plano gainean, ikasturte hasierarako dena prest edukitzeko». Zehaztu duenez, eraikinaren berrikuntzan ezarri duten sute-eskaileraz baliatuko dira ikasleen sartu-irtenak kudeatzeko bai eta areto nagusiko ate biko sarreragaz ere.
Harrera ona. Musikaia musika eskolak harrera ona eduki du herritarren artean. Aurten matrikulazioa %5 hasi dela jakitera eman dute, eta ia 400 ikasle ditu jada eskolak. Web orrialdea ere estreinatu dute eta erabilera izaten ari dela dio Etxabek. «Eskolan altak eta bajak emateko aukera eskaini dugu bertatik eta %80ak bertatik egin du dena».
Pandemia dela eta, ez dute aurreikusten aurten kontzerturik egiterik, hala ere, ez dute aterik ixten. «Geldirik ez gara geratuko. Aurtengoa ikasketa urtea izango da, baina segurtasuna mantendu badezakegu antolatuko dugu zerbait». Abesbatza ere martxan hasiko dela aurreratu du zuzendariak: «martxotik entsegurik barik egon eta gero, gogoz eta ilusioz daude hasteko».
Ofiziala. Eraberritze lan guztiak amaituta, Eusko Jaurlaritzako Musika Eskolen erregistroan sartzeko azken pausoak eman nahi ditu Musikaiak datorren hilean, musika eskola ofizialaren izendapena eskuratzeko. Esan dutenez, iraileko helburua ikasturteari hasiera ematea izan da, eta urrian egingo dituzte azken izapideak Eusko Jaurlaritzako Musika Eskolen erregistroan sartzeko. Prozesuaren zati bat eginda daukate, izan ere, Musikaia sortu zenetik, «Lekeition musika eskola ofizial bat sortzea» argi zeukatela esan du Etxabek. «Eraikin propio bat behar zen horretarako, eta udalak horren aldeko apostua egin du».