Erlojupeko eran egingo dute Ondarroako Tontorramendiko igoera bertikala
Proban gehienez ere 50 lagunek parte hartu ahal zuten, eta leku guztiak 15 ordutan bete zirela esan dute antolatzaileek. Dena dela, laguntzeko prest daudenei bertaratzeko gonbitea egin diete. "Jendea beti etortzen da ondo".
Ondarroako Gazte Asanbladak eta Aurrera Mendi Taldeak antolatuta, beste urte batez, Tontorramendira igoera bertikala egingo dute. Urriaren 4an egingo dute lasterketa, baina koronabirusaren osasun krisiak aurtengo proba erabat baldintzatu du. “Aurtengo lasterketa ez da egingo betiko moduan. Segurtasun neurriak bete ahal izateko hainbat aldaketa egin behar izan dira”. Aldaketarik nabarmenena proba egiterako eran igarriko da; aurten, erlojupekoa izango da. “Lasterketa formatua aldatzea erabaki dugu. Erlojupekoan segurtasuna bermatzea errezagoa da, bestelakoan, urtero legez denak batera irtenda kaosa sortuko zen”.
Izen ematea ere, egun berean egin ordez, nahitaez aurretik egin behar izan dute. Hasiera baten irailaren 30era arte zegoen izena emateko epea. Baina epea zabaldu eta proban parte hartu zezaketen 50 lekuak 15 ordutan bete zirela esan dute antolatzaileek. Dena dela, beste zeregin batzuetan laguntzeko prest daudenei bertaratzeko deia egin diete. “Jendea beti dator ondo, dortsalak banatzeko, ibilbidean egoteko….”.
Iragarri dutenez, probaren hasiera ere ez dute ohiko lekutik egingo. 12:00etan hasita, Zaldubideko egurrezko eskaileretatik irtengo dute parte hartzaileek.