Mutrikuko Arrietakua jauregia zabalik mantentzeko hitzarmena berritu dute
Areilza familiak, Mutrikuko Udalak eta Aldundiak adostutako hitzarmen berriak bi urteko iraupena dauka. Jauregian egin beharrekoren bat euren gain hartuko dute hiru sinatzaileek.
Mutrikuko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena berritu dute Enrique Areilza Mutrikuko Kondearen ondorengoekin. 2019 urtearen amaieran hil zen Kondea, eta jauregi barrokoak turismo eta hezkuntza bisita gidatuak eskaintzen jarraitu dezan berritu dute hitzarmena. “Mutrikuko Kondearen lau seme-alabek jauregiaren balio historiko eta artistikoez jabeturik, elkarlanean jarritu nahi dute. Horregatik berritu da hitzarmen hau”, azaldu dute aldundiko iturriek.
Adostutako hitzarmen berriak bi urteko iraupena dauka, eta hasierako aldia bukatutakoan, urtero luzatzeko aukera egongo dela jakitera eman dute. Hitzarmenean zehazten denez hiru sinatzaileek hartuko dute euren gain jauregian egin beharrekoren bat.
Udalak, esaterako, bisiten programa kudeatzen jarraituko du, eta bisitetarako jauregia egokitzeko eta jauregia eta lorategia jendearentzat irekita egoteko behar diren konponketa txikiak egiten jarraituko du. Horrez gain, jauregiko eremu ikusgarrien ohiko mantentze eta garbiketaz ere arduratuko da. Aldundiak, bere aldetik, aholkularitza ematen jarraituko du etxea, eta bertan dauden objektuak eta altzariak bisitaldi publikorako prestatzeko; eraikina eta haren edukia zaintzeko neurriei buruzko gaietan ere aholkularitza emango du. “Hau guztia, betiere, jabeekin bat etorrita egingo da”.
Hiru alderdiek sinatutako akordioan, gainera, jauregiko bisita gidatuak egiteko baldintzak ere adostu dituzte. Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra, astean hiru aldiz irekiko dute eraikina, eta urteko gainerako hilabeteetan, astean bitan. Zehaztu dutenez, jauregiko eremu bisitagarrietan bisita bakoitzeko gehienez ere bederatzi lagun sartu ahalko dira, eta Euskal Kostaleko Geoparkeak izendatutako teknikariek gidatuko dituzte. Bisita programatuen ordutegia Geoparkearen web orrialdean ikus daiteke, eta horien erreserba ere bertatik egin behar da.