Euskara ikastaroak eskainiko dituzte Amoroton
Aurten estreinako eskainiko dituzte euskara ikastaroak, eta informazio saioa egingo dute astelehenean [irailak 28] udaletxean.
Orain arte Amoroton eduki ez duten aukera bat zabaldu du udalak, AEKren eskutik. 2020-2021 ikasturtean euskalduntzeko ikastaroak herrian bertan emango dituzte.
16 urtetik gorakoei zuzenduta daude, eta ikasleen euskara mailaren arabera edota jatorrizko herrialdea kontuan hartuta ikastaro mota desberdinak jasotzeko aukera egongo da. Horiek emateko, baina, bospasei pertsonako gutxieneko kopuruak izena eman behar duela zehaztu dute. “Aukera desberdinak egoten dira ikastaroetarako. Alde batetik euskalduntze ikastaro arruntak daude, HABEk ezarritako baldintzekin eta egutegiekin direnak. Eta bestetik, Aisa ikastaroak daude, atzerriko jatorria daukaten bizilagunei zuzendutakoak, eta beste baldintza batzuk dituztenak. Lehenengo ikastaroen kasuan, sei ikasleko gutxieneko kopurua dago, eta bigarrenean, bost ikaslekoa”, azaldu dute.
Informazioa emateko batzarra egingo dute astelehenean [irailak 28] udaletxean, 19:30ean hasita. AEKko arduradun bat eta Amorotoko udal ordezkari bat egongo dira bertan ikastaroei, matrikulatzeko baldintzei eta bestelako xehetasunei buruzko azalpenak ematen eta bertaratutakoen galderak erantzuten eta zalantzak argitzen. Amoroton bizi zein bertan lan egiten dutenei zabaldu diete deialdia.
“Uda aurretik Lea-Artibaiko AEKko arduradunekin harremanetan egon gara. Ez dakigu lortuko dugun Amoroton taldea osatzea eta ikastaroren bat aurrera ateratzea, baina saiakera egiteko gogo handiagaz gabiltza. Amoroton badago gero eta jende multzo handiago bat euskalduntze premian dagoena”, esan dute udal ordezkariek.