Aurtengo udan iazkoan baino 90 tona organiko gehiago jaso dira Debabarrenan
Debabarreneko Mankomunitateak emandako datuen arabera, aurtengo uztailean %56,84ko gaikako bilketa lortu da eskualdean, iaz baino %3,24 gehiago. Abuztuan ere aurten iaz baino %1 gehiago batu da.
Debabarreneko Mankomunitateak dio aurtengo udan iaz baino gaikako hondakin gehiago jaso direla. Zehaztu dutenez, gai bakoitzeko datuak hobetu dira, baina batik bat organikoaren eta paperaren eta kartoiaren bilketetan: “Aurtengo uztailean eta abuztuan 734 tona organiko jaso dira, eta iaz 644 tona (aurten baino 90 tona gutxiago). Paperaren eta kartoiaren bilketan, aurten 611 tona jaso dira, eta iaz 500 tona”.
Dena dela, urtarriletik abuztura arteko datuak aztertuta ere, aurtengo datuak hobeak direla esan dute. “Aurten, urtarriletik abuztura bitartean %55,11ko gaikako bilketa lortu da, iaz baino %1,07 gehiago”.
Gogorarazi dute mankomunitatetik datuak hobetzen jarraitzeko lanean jarraituko dutela. Izan ere, 2030. urterako gaikako bilketa %70era heltzea da helburua. “Datu positiboak ospatu behar badira ere, oraindik lan asko dago egiteko eskualde mailan, eta ezinbestekoa da gizarteko eragile guztien inplikazioa”. Eta ezarritako helburu hori lortzera daude bideratuta aurtengo udazkenean tabernetan beira gehiago birziklatzeko abiarazitako kanpaina ere.
Dena dela, gogorarazi dute hondakin bakoitza dagokion edukiontzira botatzeak daukan garrantzia. “Hondakinak okerreko edukiontzira botatzen badira, edukiontzi guztia kutsatzen da, eta gainerako biztanleek ongi egindako bereizketa zapuztu daiteke”.