Azken orduetan zazpi positibo berri erregistratu dituzte Lea-Artibain
Lekeition, Ondarroan eta Markina-Xemeinen antzeman dituzte kasu berriak. Lurraldeka, atzo [irailak 23] aurreko egunetan baino PCR gehiago egin ziren, eta positibo kasuak ere gehiago erregistratu zituzten. R0 0,96 dela jakinarazi dute.
Azken 24 orduetan COVID-19agaz kutsatutako zazpi positibo berri erregistratu zuten Lea-Artibain: Lekeition (1), Markina-Xemeinen (3) eta Ondarroan (3) antzeman dituzte kasu berriak.
Datuak lurraldeka aztertuta, atzo [irailak 23] 10.825 PCR proba egin zituzten, eta horietatik 518 izan ziren positiboak (%4,78); Araban 79 kasu berri erregistratu zituzten, 229 Bizkaian eta 182 Gipuzkoan. Eta 28 positibo kasu berri EAEn bizi ez diren herritarrenak izan ziren.
Ospitaleratutakoei dagokienez, atzo [irailak 23] 278 pertsona zeuden ospitaleratuta (eguaztenean baino 3 gehiago). Eta horietatik guztietatik 52 dira ZIUn daudenak (martitzenean baino 4 gutxiago). Zehaztu dutenez, atzo [irailak 23] 43 herritar ospitaleratu zituzten. Azkenik, R0 0,96an kokatu da.
Bestalde, irailaren 14tik 20ra bitartean metatutako datuak aztertu ondoren, COVID-19aren ondorioz hildakoak 62 izan direla esan dute.