Moriako errefuxiatuentzako janaria batuko dute Lekeition
Zaporeak elkarteak antolatu du bilketa, Moriako errefuxiatuei premiazko elikagaiak bidaltzeko. Barikuan eta zapatuan [irailak 25 eta 26] batuko da janaria.
Zaporeak elkarteak antolatuta Moriako errefuxiatuei premiazko elikagaiak bidaltzeko janari bilketa erraldoi bat egingo da asteburuan Euskal Herri osoan. Greziako Lesbos uharteko Moriako kanpalekuko errefuxiatuei otorduak eman ahal izateko egingo dute bilketa, eta Lekeition ere egongo da parte hartzeko aukera.
Lagundu nahi duten guztiek Eskolapean dagoen Solozabal autoeskolaren beheko lokalean utzi ahalko dute janaria barikuan eta zapatuan [irailak 25 eta 26]. Behar dituzten elikagaiak ondorengoak dira: arroza luzea, garbantzuak, dilistak, babarrunak, makarroiak, atun eta sardina latak, oliba olioa, espeziak, esne hautsa eta barra energetikoak.
Lesboseko uharteko kanpaleku berrian dauden pertsona errefuxiatuek egoera larria bizi dutela azaldu dute Zaporeak elkartekoek.