Urriko Azoka Nagusiaren ordez beste azoka bat egingo da aurten
Lea-Artibaiko Elikagaien eta Artisauen Eguna ospatuko da urriaren 10ean. Eskualdeko produktuak, abeltzaintza eta gastronomia sustatzea dute asmoa.
COVID-19ak eragindako osasun larrialdi egoera dela eta, Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusirik ez antolatzea erabaki dute Lea-Artibai Landa Garapenerako Elkarteak eta Markina-Xemein, Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Mendexa, Munitibar, Ondarroa, Ziortza-Bolibar eta Mallabiko Udalek. Horren ordez, Lea-Artibaiko Elikagaien eta Artisauen Eguna ospatuko da urriaren 10ean, Markina-Xemeinen.
Urriko Azoka Nagusiak jende asko batzen duela eta, une honetan horrelako ekimenik antolatzea ez dela bideragarria azaldu dute, baina ez dituzte Lea-Artibaiko ekoizle eta artisauak euren produktuak erakutsi eta saltzeko aukerarik barik utzi nahi izan. Hori dela eta, Lea-Artibaiko Elikagaien eta Artisauen Eguna antolatu dute, «eskualdeko produktuak, ekoizleak, abeltzaintza eta gastronomia sustatzea helburu».
10:00etatik 15:00etara egongo da azoka zabalik, eta frontoian eta Plazabarripean jarriko dituzte postuak. Azokan, beharrezko segurtasun eta higiene neurriak hartuko direla argitu dute. «Postuen artean beharrezko segurtasun distantzia mantenduko da eta higiene neurriak zainduko dira; besteak beste, ezin izango da produkturik eman dastatzeko».
Izena emateko. Azokan parte hartzeko aukera zabalik dago. Posturen bat jarri nahi duten ekoizleek datorren martitzenera arte [irailak 29] eman ahalko dute izena Lea-Artibai Landa Garapenerako Elkartearen bulegoan, edo landagarapena@landagarapena.eus helbide elektronikora idatzi eta beharrezko dokumentazio guztia bidalita.