Bizikleta eta ibilgailu motordunentzako debeku seinaleak jarriko dituzte Etxebarriko bidegorrian
Bidea, bere sorreratik, oinezkoena izan dela argitu du udalak, eta mugatuta egotea oinezkoen segurtasuna bermatzeko era bakarra dela azaldu dute.
Etxebarriko Udalak bidegorriaren erabilera arautzen duten seinale berriak jarriko ditu bidearen sarreretan. Seinale berriek bizikleta zein edozein motorreko ibilgailuk bertatik ibiltzeko daukaten debekua adieraziko dute. Baimenduta egongo dira, bestalde, patinetea, patinak eta monopatina, eta ume txikiek bizikleta ere eraman ahalko dute, oinez doazen helduekin batera joateko. 5 kilometro orduko abiadura muga ezarri dute.
Bidegorri deitu arren, Etxebarriko bidegorria bere sorreratik oinezkoentzako bidea izan dela argitu du udalak, eta oinezkoei mugatuta egotea horien segurtasuna bermatzeko era bakarra dela azaldu dute. “Hortik kanpora dena da arriskutsua. Bidearen ezaugarriak direla eta oinezkoek zein txirrindulariek partekatzea ezinezkoa egiten da: bide estua da toki batzuetan eta ikuspen gutxikoa”, zehaztu dute.
Guztira bost panel jarriko dituzte; sarrera guztietan egongo da bat: Antxiko zubian, Txoribentan, Antsotegin (Etxebarrirako norabidean eta Markina-Xemeinerako norabidean) eta herriguneko sarreran.
Aspaldiko kezka. Zabaldu zenetik ibili izan dira txirrindulari batzuk bidegorritik, eta udalak jakinarazi duenez, istripuren bat edo beste egon izan da. Baina pandemia zela-eta udalerrietatik urruntzeko distantzia arautu zuten, eta egun horietan, txirrindularien erabilera areagotu egin zen. «Oinezko asko etorri ziren udaletxera kexatzera, bidegorrian ibiltzea ezinezkoa zela esanez». Hori dela eta, sarreretan hesiak jarri zituen udalak, bidegorria oinezkoei mugatuta zegoela gogoratuz.
Erabakia ez zen txirrindulari askoren gustukoa izan, eta euren gaitzespena adierazi zuten. Sortutako gatazkaren inguruan, eta Etxebarriko EH Bilduk ere hala eskatuta, batzorde bat osatu eta gaia aztertzen hasi ziren. “Gaiari hainbat buelta eman ondoren, oinezkoen segurtasuna bermatzeko aukera muga hauek ezartzea dela ikusi da. Oinezkoekin bidea partekatu dezaketen ibilgailuak onartu dira bakarrik”.
Azaldu dutenez, proiektuaren sorrerako memorian ere oinezkoen bidea dela zehazten du. “Memorian jasota dagoenez, bidea oinezkoek bakarrik erabil dezakete, inoiz ez da txirrindularientzako bidea izan. Hori dela eta, txirrindulariren bategaz istripuren bat edo arazoren bat egonez gero, udalarena izango litzateke ardura. Memorian jasota ez dagoena udalaren gain jausten da”.
Elkarbizitza. Etxebarriko EH Bilduk, ordea, erabiltzaile desberdinen artean elkarbizitza bat ematea posible dela uste du, horretarako ordenantza bidez arauak ezarrita, eta beti ere lehentasuna oinezkoek dutela arautuz. Herriko gaztetxo gazte eta helduak hainbat kamioi eta kotxe dabiltzan errepide nagusira botatzea ez dela konponbide bat diote. Eta gazteek Markina-Xemeinera joateko edo lanera bizikletan doazenek ze beste aukera duten galdetzen dute. «Nor egingo da erantzule errepidean istripu larri bat gertatzen bada?».
Etxebarritik Markina-Xemeinera arteko bidea orain dela hiru urte konpondu zela ere gogora ekarri dute, eta EH Bilduk errepidea zabaltzerakoan bizikletentzako espaloia egitea aurreikustea eskatu arren, ez zuten bizikletentzako espaloirik egin. Ondorioz, gaur egun, ez bidegorritik, ez errepide ondotik, bizikletan mugitzeko ezelako aukera segururik ez daukatela nabarmendu dute.