Lekitto Bedarrak Gurutze Gorria laguntzen jarraitzen du
Porruak, alberjiniak, piper handiak eta txorizeroak, pepinoak eta kalabazinak eman dizkiete oraingoan. Lurra salgai daukate lanabesak gordetzeko txabola finantzatzeko.
Aurten, zazpigarrenez, Usotegiko uzta eman dio Lekitto Bedarrak Gurutze Gorriari, behar gehien daukatenen artean banatzeko. Porruak, alberjiniak, piper handiak eta txorizeroak, pepinoak eta kalabazinak eman dizkiete oraingoan.
Jakinarazi dutenez, momentu honetan 65 familia ari dira laguntzen; hilean behin, Uribarren Abaroa egoitzan dagoen Elikagaien Bankuko janariekin batera ematen dizkiete ortuariak ere. Izan ere, elikagai freskoen premia edukitzen dute, eta Lekitto Bedarraren laguntzagaz ari dira premia hori asetzen.
Ohi modura, Usotegiko ortua auzolanean lantzen jarraitzen dute Lekitto Bedarra elkarteko kideek. Joan den asteko auzolanean, lurragaz bete zituzten zementuz eginda dauzkaten baratze mailak. “Lur hori salgai daukagu lanabesak gordetzeko txabola finantzatzeko. Oso kalitate onekoa da”, azaldu dute. Gaineratu dutenez, baratzeko gune hori ere prest daukate martxan jartzeko, eta Dominikar mojentzako eta Gurutze Gorriarentzako berdurak ekoizten jarraitzeko. Izan ere, herriko Ama Domingotarrek ere elikagaien banaketa egiten dute, eta eurei ere eramaten dizkiete barazkiak, eurengana joaten direnei ere ortuariak helarazteko.