Bi positibo berri erregistratu dituzte Mutrikun
Lea-Artibaiko herri guztietan atzo [irailak 28] ez zuten COVID-19agaz kutsatutako kasu berririk antzeman. Abuztuaz geroztik atzokoa Lea-Artibain positibo berririk erregistratzen ez zuten lehenengo eguna izan zen. Datuak lurraldeka aztertuta, eta atzo [irailak 28] egindako PCR probak kontuan hartuta, kutsatuen ehunekoa jaitsi egin da.
Azken 24 orduetan positibo berri bi antzeman dituzte, eta kasu berri biak Mutrikun erregistratu dituzte. Lea-Artibaiko herrietan atzo [irailak 28] ez zuten positibo berririk erregistratu. Aipagarria da datu hori, izan ere, abuztuaz geroztik atzokoa eskualde osoan positibo berririk erregistratzen ez zuten lehenengo eguna izan zen.
Datuak lurraldeka aztertuz gero, atzo [irailak 28] 7.373 PCR proba egin zituzten, eta horietatik guztietatik 285 positibo antzeman zituzten (%3,86). Honakoak izan dira lurraldez lurralde erregistratutako positibo kasuak: 39 Araban, 138 Bizkaian eta 99 Gipuzkoan. Horri, EAEn bizi ez diren baina PCR proban positibo eman duten 9 kasu gehitu behar zaizkio.
Ospitaleratutakoei dagokienez, atzo [irailak 28] 265 pertsona zeuden ospitaleratuta (domekan baino 8 gutxiago). Eta horietatik guztietatik 55 dira ZIUn daudenak (domekako datu berdina). Zehaztu dutenez, atzo [irailak 28] 28 herritar ospitaleratu zituzten. Azkenik, R0 0,94an kokatu da.