Hilabete itxita egon ostean, zabalik dago Aulestiko kiroldegia
Aurretiaz txanda hartu behar da udaletxean. Aldi berean gehienez bi pertsona egon ahal dira.
Aulestiko kiroldegia zabalik dago atzotik [irailak 29]. Abuztu amaieran udalerrian COVID-19 kasu asko erregistratu zituztenez, udalak zarratzea erabaki zuen, eta orain herritarrek berriro ere bertan kirola egiteko aukera daukate, 15:00etatik 22:00etara egongo da zabalik kiroldegia.
Abuztuan zarratu aurretik eduki zuen funtzionamendu bera daukala zehaztu du Jone Antsotegi Ikazuriaga Aulestiko alkateak.
Udaletxean aurretiaz txanda eskatu behar da (94-627 90 06), eta ordu bakoitzean gehienez bi pertsona egon ahal dira. Berez, erabiltzaile bakoitzak ordubeteko txanda hartu dezake, baina hurrengo ordua libre egonez gero, denbora gehiago egoteko aukera edukiko du. Txanda amaitu ondoren, erabiltzaile bakoitzak erabili dituen makinak eta ingurua desinfektatu behar ditu. Aldagelak itxita daude.
Beste udal instalazioei dagokienez, gogoratu dute frontoia zabalik dagoela, baina aldagelek itxita jarraitzen dutela.
Elkarteen gelan gehienez hamar pertsonako batzarrak egin ahal dira, eta liburutegia ere zabalik dago, baina aforo mugatua dauka.