Leire Bilbaok hirugarren poema liburua aurkeztu du: 'Etxeko urak'
Amatasunari buruzkoa baino, amatasunetik idatzitako liburu bat dela esan du ondarrutarrak. Ama izan nahi ez duten emakumeen ahotsak edo ama ezin izan dutenena ere jaso ditu.
Leire Bilbao idazle ondarrutarrak hirugarren poema liburua (Etxeko urak) aurkeztu du gaur [irailak 30], Donostian. Gai batetik baino, leku batetik idatzi duela aurreratu du, eta leku hori amatasuna da. “Amatasunari buruzkoa baino, amatasunetik idatzitako liburu bat da. Ama izateak ekartzen duen lengoaia eta begirada berri horretatik”. Ondarroan bada esaera bat etxetik edan duela esateko, etxeko izaera dakarrela: “Horrek etxeko urak dauzka”. Hain zuzen ere, urak botaz hasten da poema bilduma. Poema liburuaren azala Maite Mutuberriak egin du.
Lau ataletan banatu ditu poesiak eta horietako bakoitza elkarrizketa batekin hasi ditu, “nork bere buruarekin izaten ditugun horietako batekin”. Beste elkarrizketa imajinario batzuk ere badaude bertan, eta hor jaso ditu, adibidez, ama izan nahi ez duten emakumeen ahotsak edo ama ezin izan dutenenak. Hil diren idazleak, amamak eta birramamak ere jaso ditu.