'Zaldibar. Zona cero' liburua aurkeztuko du Ahoztar Zelaietak Mutrikun
Aurkezpen ekitaldia zapatuan [urriak 3] izango da, 18:00etan, Mutrikuko Gaztetxean. Zabortegian gertatutako ezbeharraren erantzuleak nortzuk diren azaltzen du liburuak, "izen eta abizenekin".
Zaldibarko zabortegiko ezbeharra gertatu eta gero, Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetaria gertatutakoaren arrazoiak bilatzen hasi zen. Orain, zazpi hilabete pasa eta gero, Zelaietak Zaldibar. Zona cero liburua argitaratu du. Eta horren aurkezpena egingo du zapatuan [urriak 3], 18:00etan, Mutrikuko Gaztetxean.
Txalaparta argitaletxeak jasota daukanaren arabera, Zelaietak ondoko elementuekin topo egin du ikerketan: influentzia trafikoa, hondakin arriskutsuen kudeaketa, kontrol eta segurtasun falta, espekulazio urbanistikoa, enpresa pribatu eta erakundeen arteko ate birakariak… “Euskal Herriko zaborraren kudeaketa negozio errentagarria da, baina aldi berean oso arriskutsua”. Aurreratu dutenez, garraiolariek, langileek eta auzokoek “zuloa” deitzen zioten zabortegiko kudeaketaren erantzuleak nortzuk diren azaltzen du, izen eta abizenekin.
Gertaera. 2020ko otsailaren 6ko 16:00ak ziren Zaldibarko Verter Recycling zabortegiko lurrak behera egin zuenean. Guztira, milioi erdi metro kubo zabor eta lur etorri ziren behera, eta, zoritxarrez, haren guztiaren azpian harrapatuta geratu ziren Alberto Sololuze Markina-Xemeingo bizilaguna eta Joaquin Beltran Zallakoa. Sololuzeren gorpuzkinak abuztuan aurkitu zituzten, Beltranek, ostera, gaur gaurkoz desagertuta jarraitzen du.