Etxebarriko EH Bilduk ezezko bozka eman dio HAPOren hasierako onespenari
Herritarren parte hartzea prozesuaren hasieratik amaieraraino bermatzea ezinbestekoa dela deritzote. HAPOren hasierako onespenaren jendaurreko aurkezpena urriaren 13an izango da.
Hiri Antolamendu Plan Orokorraren (HAPO) hasierako onespenari ezezkoa ematea erabaki du Etxebarriko EH Bilduk. HAPOren prozesuan hartzen diren erabakiek Etxebarritarren etorkizunean duten garrantzia dela eta, herritarren parte hartzea prozesuaren hasieratik amaieraraino bermatzea ezinbestekoa dela deritzote.
Jakitera eman dutenez, HAPOren hasierako onespena udalean eman aurretik, jendaurrean proiektuak aurkeztu eta herritarren iritziak jasotzea proposatu zuten. Baina, EH Bilduk esan duenez, EAJren gobernuak aukera hori guztiz baztertu eta legediak zehazten duen gutxienekora mugatu da prozesuagaz amaitzeko : “Lehendabizi planari hasierako onespena udalean eman, ondoren herritarren aurrean hartutako erabakia aurkeztu, eta azkenik alegazioak aurkezteko epea zabaltzea erabaki du EAJk. Modu honetara, herritarrek ez dituzte Hiritek estudioak planteatutako proiektu guztiak ikusiko, hasierako onespenetik kanpo gelditu baitira”.
EH Bilduren ustez, badaude HAPOn Etxebarrirentzako onuragarriak izango diren erabaki estrategiko batzuk. Adibidez, baserrietan etxebizitza kopurua bikoizteko aukera eta hainbat etxebizitza berri eraikitzeko lurren kalifikazioa. “Uste dugu belaunaldi berriek baserrietan gelditzeko ateak ireki eta baserriei jarraipena emateko balio dezakeela”.
Bestalde, ez daude ados Nemak enpresaren alboan 10.000 m2 baino gehiagoko lurzorua industria erabilerarako kalifikatzeko asmoagaz. “Aparkalekuaren arazoari irtenbidea emateko lursail horren zatitxo bat egokitzea onargarria iruditzen zaigu, baina gure ustez ez dago lursail guztia aparkaleku bihurtzeko inolako justifikaziorik”. Horren ordez, Etxebarriko EH Bilduk eskualdeko udalen eta enpresen lankidetzaz irisgarritasun proiektu bat martxan jartzea proposatzen du: “Industria guneetara iristeko garraio zerbitzuak, herrian zehar dugun trafikoa asko murriztuko luke eta aparkatzeko arazoak ekidingo lituzke. Gainera, ingurumenaren aldeko apustu argia izango litzateke honelako proiektu bat abian jartzea”.
Etxebarriko HAPOren hasierako onespenaren jendaurreko aurkezpena urriaren 13an izango dela aurreratu dute, 19:00etan, herriko frontoian.