Isuntzako nesken kadete taldeak brontzea lortu du Espainiako Batel Txapelketan
Ondarroa AEko eta Isuntza AEko arraunlariek Galiziako Moaña herrian lehiatu dute Espainiako Batel Txapelketa, asteburuan.
Galiziako Moaña herrian lehiatu dute Espainiako Batel Txapelketa asteburuan, eta Isuntza AE eta Ondarroa AE egon dira euskal taldeen artean.
Lekeitioko arraun elkarteko nesken kadete taldeak brontzezko domina irabazi zuten, atzo. Pasai Donibane Koxtape AE geratu zen txapeldun, 8 minutu, 4 segundo eta 87 ehuneneko markagaz. Club Remo Nautico de Riveirarentzat izan zen zilarrezko domina (8:10.77). Isuntzakoek zortzi minutu, 11 segundo eta 32 ehunenetan burutu zuten estropada. Senior kategorian, berriz, Isuntzako mutilak bosgarren geratu dira. Club Do Mar Bueu talde galiziarra nagusitu zen, eta Pasai Donibane Koxtape AEk eta Arkote Arraun Taldeak osatu zuten podiuma.
Ondarrutarrek nesken kadete eta senior mailetan eta mutilen gazte mailan parte hartu eta ez zuten lortu finaletan sartzea.