Jaurlaritzak erabaki du orain arte erkidegoan ezarritako neurriei eustea
Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu duenez, aurreko hamalau egunetan pilatutako positiboen intzidentzia tasa beherantz doa azken asteetan.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak bilera egin zuen barikuan. Pandemiak azken asteetan izandako bilakaera aztertu ostean esan zuten Eusko Jaurlaritzak ez duela COVID-19ari aurre egiteko neurri gehigarririk aurreikusten. Ez dute beharrezkotzat jo egungo neurriak gogortzea, ezta horiek bertan behera uztea ere.
Bileraren ostean Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak komunikabideei azaldu zienez, aurreko hamalau egunetan pilatutako positiboen intzidentzia tasa beherantz doa azken asteetan. Gaineratu zuenez, egindako PCR probetan atzematen diren positiboen ehunekoa ere behera doa, eta ospitaleratzeak gero eta gutxiago dira.
Sagurduik esandakoaren arabera, kutsatzeen abiadura neurtzen duen adierazlea ere jaitsi egin da azken hilabete eta erdian. Birusa geldiarazteko bideak hiru fronte izaten jarraituko duela adierazi dute: antzemate goiztiarra, kasuen eta kontaktuen zaintza eta prebentzio-neurri indibidualak eta kolektiboak. “Prebentzio neurriekin zorrotz jokatzen dugun bitartean, birusarekin bizi gaitezke modu egokian”, esan zuen Osasun sailburuak.