Jon Barrenetxeak irabazi du Berriatuko San Gregorio Saria
Baque Team-eko txirrindularia da Bizkaiko eta Euskalduna Torneoko txapelduna. Ihesaldiko lau txirrindularien artean, esprintean erabaki da lasterketa.
39. San Gregorio Saria-V Asier Aranzeta Memoriala txirrindulari lasterketa lehiatu zuten atzo, eta Baque Team-eko Jon Barrenetxea izan zen lehena helmugan. Euskalduna Torneoko azken proba izan zen, eta Barrenetxea nagusitu da torneoan. Halaber, Bizkaiko Txapelketa Berriatuan erabaki zen, eta bera geratu da txapeldun elite zein 23 urtez azpikoetan. Izan ere, 23 urtez azpikoen kategorikoa denez, lasterketa irabazita, bera da bi mailetako txapelduna.
Mendexako igoeraren lehenengo bueltan zazpi laguneko taldeak ihesaldia hasi zuen. Bigarren bueltan, baina, lau txirrindulari geratu ziren lasterketa buruan, eta amaierara arte minutu bat inguruko aldeari eutsi zioten. Horiek elkarregaz ailegatu ziren helmugara, eta esprintean erabaki zen lasterketa.
Hiru ordu, 19 minutu eta 52 segundoko denboran amaitu zuten lasterketa Barrenetxeak, Laboral Kutxa-Fundacion Euskadiko Unai Iribarrek eta Goierri Kirol Elkarteko Xabier Isasak. Baque Team-eko Javier Romo izan zen ihesaldian sartu zen beste txirrindularia, eta lau segundora sailkatu zen.
Mendiko sailkapenean, Romo geratu zen lehenengo, eta tarteko-helmugakoan, Caja Rural-Seguros RGAko Arnau Follonosa. Taldekako saria, berriz, Baque Team-entzat izan zen.
Elite eta 23 urtez azpiko txirrindulari gehienentzat atzo amaitu zen denboraldia. 104 txirrindularik hasi zuten lasterketa, eta horietatik 38k amaitu. Antolatzaileek esan dutenez, mota honetako lasterketa maldatsuetan ohikoa izaten da hori, normalean %30 inguruk amaitzen dituztelako. Berriatuko Txirrindulari Elkartearen kideek balorazio ona egin dute: “Ez da ezbeharrik edota ustekabekorik gertatu, eta balorazioa ona da. Lasterketa apirilean egin izan balitz, 140-150 txirrindulari irtengo ziren, baina, denboraldi amaiera dela eta daukagun egoera kontutan hartuta, normala da 104 egotea. Urte arraroa izan da, eta espero dugu datorren urteak gauzak hobeto joatea eta lasaiago egotea”. Beste behin, antolatzaileek lasterketa antolatzeko eta egiteko eduki duten laguntza eskertu dute: “Herritarrei eta Cikautxori eskerrak eman behar dizkiegu”.
Antolatzaileek COVID-19agatik ezarritako protokoloa bete eta hainbat aldaketa egin dituzte aurten parte hartzaileen zein ikusleen segurtasuna bermatzeko. Besteren artean, sari banaketa ekitaldia plazan egin ordez, Cikautxoko parkinean egitea aurreikusita zeukaten, baina etengabeko euri jasen ondorioz, udaletxeko osoko bilkuren aretoan egin zuten, ateak itxita.