Omenaldi beroa egin diote Juan Luis Natxiondo 'Pototo'ri Lekeition
Jendetza elkartu zen LAB sindikatuak antolatuta, Lekeitioko Merkatu Plazan egin zuten omenaldian. Bertsolariak, dantzariak eta lore eskaintza egon ziren, besteak beste.
Hainbat lagun elkartu ziren barikuan [urriak 2], Lekeitioko Merkatu plazan, LAB sindikatuak Juan Luis Natxiondo Arrizubieta Pototori antolatutako omenaldian. Maderas de Lekeition zeukaten antolatzeko asmoa, baina eguraldia dela eta, ezin izan zuten bertan egin. Hala ere, erantzun handia eduki zuen ekimenak, eta guztiek batera, omenaldi beroa eskaini zioten lekeitiarrari.
Pototogaz batera hainbat urtez militantzian jardundako kide asko batu ziren haren omenez jarritako argazkiaren ondoan, eta bertsolariak, dantzariak eta lore eskaintza egon ziren, besteak beste. Xabat Galletebeitia eta Aissa Intxausti bertsolariek egin zuten bertsotan lehenengo, eta agurra dantzatu zioten, ondoren, Sarai Goitia Arrizubieta eta Aitor Garro Goitia dantzariek. Horrez gain, Ion IƱaki Alkortak olerki bat errezitatu zuen Pototoren omenez eta Ion Kirru Iparragirrek kanta bat eskaini zion.
Xabier Ugartemendiak hitz egin zuen sindikatuaren izenean, eta Pototoren urteetako militantzia goraipatu zuen. Lekeitiarrak eskualdean izandako garrantzia azpimarratu zuen, eta edozein arazo zela eta, Lekeitiora etortzen zen bakoitzean, Pototori deitu eta beti prestutasunez erantzuten zuela gogoratu zuen.
LAB sindikatuak eskerrak eman nahi izan dizkie omenaldian egon ziren guztiei, eta batez ere bertsolari, dantzari eta baita ere Iparragirreri ere, ekitaldian parte hartu izanagatik.